Azpeitiko memoria historikoa, paperetik sarera

Uztarria.eus 2019ko ots. 26a, 16:50

"Egiarekiko konpromisoan" sakontzeko eta Azpeitiko memoria historikoa eta hurbila berreskuratzen segitzeko asmoz, 'Azpeitia 1936-1945' eta 'Azpeitia 1960-2017' liburuetako edukia eguneratu eta sarean jarri dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak. Webgunea dinamikoa eta erabilerraza egitea izan da haien asmoa.

Azpeitiko memoria historikoa zein hurbila lantzen dituen Azpeitia 1936-1945 eta Azpeitia 1960-2017liburuak sarean jarri ditu udalak, eta horrenbestez, tarte horietan Azpeitian izandako eskubide urraketak digitalki ere kontsultatzeko aukera izango dute herritarrek aurrerantzean. Liburu bakoitzarekin webgune bana sortu du Digitalia enpresak, eta bi atarien nondik norakoak azaldu dituzte gaur, asteartea, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Gotzon Barandiaran Digitalidadea enpresako ordezkariak eta Javi Buces Aranzadi elkarteko kideak.

Azpeitiko Udala eta Aranzadi duela urte batzuk hasi ziren memoria historikoa berreskuratzeko elkarlanean, eta horren emaitza izan da bi liburuak argitaratzea. Orain, beste urrats bat egin dute bide horretan, eta Digitalia enpresak webguneak sortu ditu. Bi liburuetako informazioa "weben logika erabilita" sareratu dute, eta liburu bakoitzak duen itxura errespetatuta, egitura bera eman diete bi atariei; ezkerreko zutabean, liburuen aurkibidea eta haren hurrenkera mantendu dituzte, eta giza eskubideak urratuak izan zituzten pertsonak aurkitzeko bilatzailea ere jarri dute han; eskubikoan, berriz, haien lekukotzak argitaratu dituzte. Barandiararek azpimarratu duenez,  erabiltzaileek "oso modu errazean" ulertzeko moduan egituratu dute informazioa: "Badakigu gertakari horietatik gertuen dauden pertsonak ez daudela ohituta sarea erabiltzera, eta hori aintzat hartu dugu. Izan ere, lehen aldiz sartzen direnentzat oso erabilerrazak dira webguneak".

Honako helbide hauetan aurki daiteke bi liburuetan jaso zuten informazioa: amarauna.org/azpeitia/36-45 etahttp://amarauna.org/azpeitia/60. Dena den, liburuetan jasotako informazioa eguneratu egin dute webguneak osatzeko orduan. "Liburuak, hasiera batean, estatikoak dira, baina webguneak egiterakoan dinamikoak izatea ere lehenetsi dugu. Hau da, erabiltzailea sartzen den aldiro, eduki berri bat agertuko zaio azalean", esan du Barandiaranek. Horrez gain, proiektua oraindik irekita mantenduko dutela aurreratu du Bucesek. Izan ere, webguneek aukera ematen diete informazio berria txertatzeko, eta beraz, datuak nahiz azalpenak egokituko dituzte atari horietan, horretarako beharra egonez gero.

Azpeitia, "eredu"

Etxeberriak, bere aldetik, azpimarratu du proiektuak helburu bikoitza duela. Batetik, egiarekiko konpromisoan sakondu nahi dute, "ezinbestekoa" delako egiaren gainean "justizia, aitortza eta erreparazioa" eraikitzea. "Egia hori  modu zientifikoan jaso dugu hemen"; bestetik, atari digitalak egia hori eguneratuta zabaltzeko modua eskaintzen duela azpimarratu du alkateak. Aranzadik, gainera, eskerrak eman dizkio udalari, memoria historikoarekiko zein hurbilarekiko erakundeak duen konpromisoarengatik. Horrez gain, Euskal Herrian Azpeitia "eredu" dela azpimarratu du Bucesek: "Ikerlariok badakigu zeinen zaila izaten den alor honetan politikariekin ados jartzea eta mugarik gabe ikerketa serioak bultzatzea, baina Azpeitian erraztasun guztiak aurkitu ditugu". 

2016an argitaratu zuten Azpeitiko Udalak eta Aranzadik Azpeitia 1936-1945 liburua, eta 36ko Gerraren garaian eta frankismoaren lehen urteetan jazotako gertaerak bildu zituzten bi liburukitan, memoria berreskuratzeko asmoz. Helburu berarekin argitaratu zuten bi urte beranduago 1960 eta 2017 urteen artean herritarrek jasan dituzten giza eskubideen urraketen gaineko liburua. Etxeberriak adierazi duenez, hirugarren liburua ere bidean da, eta 1945 eta 1975 urte bitarteko tartean izandako eskubide urraketak aztertuko dituzte han.