Autoeraketaz egindako hausnarketak elkarbanatu dituzte herriko hainbat eragiletako kideek

Uztarria.eus 2019ko ots. 25a, 14:15

 Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, Azpeitiko herri eragileen arteko mahai ingurua izan zen atzo, igandea, Basazabal jauregian. Zuzenbide Piriniarraren inguruko bigarren kongresuaren atariko ariketa gisa egin zuten atzoko mahai ingurua, autoeraketaren eta autogestioaren gainean egindako haurnarketak elkarbanatzea xedea. 

Baserritarrek, soziedadeetako kideek, Ikastolen mugimenduan aritutakoek, bertsolaritza munduan aritutakoek, Azpeitiko Gaztetxekoek, jubilatuek, Basanderiek asanbladako kideek, Uztarria Komunikazio Taldeko kideek, Kulturaz kooperatibakoek, Elkar-ekinekoek eta hainbat norbanakok hartu zuten hitza atzoko saioan. Horiek guztiek autoeraketaren bizipenak eta gogoetak partekatu zituzten, eta zenbaitek beren praktika politikoaren gaineko gogoeta egin zuten, autogestioa ardatz jarrita. Eragileetako kideek hizpide izan zituzten sistema kapitalistaren eraginak nahiz horren aurrean martxan jarri beharreko mekanismoak, eta elkartzearen zein elkartasuna praktikara eramatearen garrantzia azpimarratu zuten. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen saioak, ta aurrera begira elkartzen jarraitzeko aukera izango dela aurreratu zuten Urolakoen Napar Zuzterrak taldekoek. Izan ere, martxoaren 22rako afari herrikoia antolatu dute. Egun horretan, Patxi Azparren gonbidatuko dute Azpeitira, eta autoeraketaz zein beste hainbat kontutaz hitz egingo dute solasaldira zein afarira animatzen diren herritarrek.