Karnabalak 2019

Kaldereroek Azpeitiko kaleak alaitu dituzte karnabalen atarian

Uztarria.eus 2019ko ots. 23a, 22:02

Ate joka daude aurtengo karnabalak, eta dagoeneko festa usaina nabari da Azpeitian. Izan ere, inauteri giroan murgiltzen hasteko kaldereroek urteroko bisita egin dute gaur, otsailak 23. Ehundik gora lagun, haur, gazte zein heldu, Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili dira Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abesten. Arana kaletik abiatu da kaldereroen konpartsa, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako kideek lagunduta. San Martin egoitzako egoiliarrei bisita egin ostean, Bustinzuriko Errebaletik, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik nahiz Donejakue kaletik igaro dira, eta plazan bukatu dute kalejira.

Jende ugari gerturatu da plazara zein kalera kaldereroen kalejira ikustera. Beste urte batez giro ederrean aritu dira abestu bitartean zartaginei mailuekin kolpe egiten, Musika Bandako kideek eta Juan Antxieta musika eskolako kideak lagun.