Akordioa: beste 48 suhiltzaile

Gipuzkoako Hitza 2019ko ots. 24a, 10:55

Ostegunean suhiltzaileen ordezkariek eta Gipuzkoako Foru Aldundikoek bilera bat egin zuten, eta foru aldundiak suhiltzaileen gutxieneko eskaerei erantzuten zien proposamen bat jarri zuen mahai gainean: beste 48 suhiltzaile kontratatuko dituzte lan poltsatik, eta horrekin bermatuko dute guardia bakoitzean bost suhiltzaile egotea. Hain zuzen ere, horixe da suhiltzaileek eskatzen zuten gutxieneko hobekuntza. Joan zen otsailaren 5eko udalbatzarrean izan ziren Azpeitiko suhiltzaile parkeko ordezkariak, beren egoera azaltzen. Gipuzkoako Hitzak argitaratutako erreportajea da honako hau.

Gipuzkoako suhiltzaileek urte asko daramate langile gutxiegi direla salatzen. "Betidanik. Nik oroitzen dudanez, beti salatu izan dugu hori", dio Josu Merinok, LABeko ordezkari eta foru aldundiaren menpeko suhiltzaileen langile batzordeko kideak. Baina egoera hori okertu egin da azken hilabeteetan, eta, abenduaren hasieran, Legazpiko suhiltzaile parkea itxi behar izan zuten, ez zegoelako lau laguneko guardia osatzerik. Ostegunean, suhiltzaileen ordezkariek eta Gipuzkoako Foru Aldundikoek —Imanol Lasa Gobernantza diputatua da suhiltzaileen arduraduna— bilera bat egin zuten, eta foru aldundiak suhiltzaileen gutxieneko eskaerei erantzuten zien proposamen bat jarri zuen mahai gainean: beste 48 suhiltzaile kontratatuko dituzte lan poltsatik, eta horrekin bermatuko dute guardia bakoitzean bost suhiltzaile egotea.

Merinok, bileraren bezperan, ez zuen itxaropen handirik, eta, atzo, bileraren ostean, aitortu zuen sorpresa hartu zutela proposamenarekin. "Orain arteko bileretan guk eskatzen genuenetik oso urruti ibili dira beti. Abenduan hamazazpi suhiltzaile kontratatzea eskaini ziguten, gero 24ra igo zuten kopurua, eta esan ziguten ezinezkoa zela gehiago kontratatzea. Eta gaur esan digute 48 kontratatuko dituztela. Hori zen gure gutxieneko eskaera, gure zerbitzua bermatzeko eskatzen genuen gutxienekoa".

Egoera larria zela dio Merinok, eta foru aldundiak beste parke bat ixtea eragotzi nahi zuela, kosta ahala kosta. "Hauteskundeak gainean ditugu, eta guk horren jakinaren gainean gogortu dugu gure borrokaldia. Nire ustez, horrekin lotuta dago haien proposamena ere. Dena den, arrazoia edozein dela ere, pauso handi bat da guk eskatzen genuen bide horretan".

Akordioa lortu ostean, suhiltzaile zerbitzuaren modernizazioaren gaineko konpromisoa berretsi zuen Imanol Lasa diputatuak, "epe motz, ertain eta luzera". Akordioaren nondik norakoen berri ere eman zuen. "48 suhiltzaile kontratatuko ditugu lurraldeko zortzi parkeen errefortzurako. Txanda bakoitzean suhiltzaile bat gehiago izango da. Martxo hasieratik aurrera hasiko dira lanean, gradualki [prestakuntza beharko dute batzuek], eta abenduan irekitako lan poltsaren bidez egingo dira kontratazioak". Lan poltsa hori Legazpiko parkea itxi ostean eta suhiltzaileek protesta egin ondoren ireki zuen aldundiak, eta 656 lagun aurkeztu ziren.

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.