Kandido Saseta oroitu dute Loiolan, haren heriotzaren 82. urteurrenean

Uztarria.eus 2019ko ots. 23a, 15:00

Kandido Saseta Eusko Gudarosteko Azpeitiko komandantearen senideek haren oroimenezko ekitaldia egin dute gaur, otsailak 23, Loiolan. Izan ere, gaur 82 urte bete dira Saseta hil zela. Eusko Gudarosteko buru izan zen Saseta, eta urtemugaren harira, komandantearen senideek hura oroitzeko lore eskaintza egin dute Azpeitian. Hain zuzen, Sasetaren omenez Loiolan jarritako irudiaren aurrean. EAJk, ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak eratu zuten Eusko Gudarostea 1936ko abuztuan Loiolan, Franco buru zuen altxamendu faxistari aurre egiteko. 

Lore eskaintza eta omenaldia Kandido Sasetaren familiak deitu eta antolatu du. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, aldiz, omenaldiarekin bat egin du, gudari zenaren heriotzaren 82. urteurrena gogorarazi nahi izan baitu Sasetaren senideekin batera. Eusko Gudarosteko Azpeitiko komandantearen senideak, Jose Lekuona gudari zenaren senideak, Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta hainbat herritar bertaratu dira Loiolako ekitaldira. Bertan, gogoan izan dituzte Basarri bertsolariaren hitzak. Izan ere, hark Tierra Vasca aldizkarian Sasetak irudi bat merezi zuela idatzi zuen haren heriotzaren ostean. Halaber, gaurko ekitaldian 2008. urtean Gernikan egindako omenaldi batean plazaratu zuten audio bat jarri dute. Bertan entzun daitezke 1937ko prentsak Sasetaren inguruan idatzitakoak. Horren ostean, gogoan izan dute Saseta Hondarribian (Gipuzkoa) lurperatu zuten urtea, eta sasoi hartako hainbat kontu gogoraratu dituzte ondoren. 

Hitzartzeak iritsi dira gero. Aurrenik, Kandido Sasetaren iloba Arantxa Sasetak hartu du hitza. Gogoan izan ditu Eusko Gudarostean borrokan aritu ziren gudariak, eta haiek egindako lana goraipatu du. Jarraian, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak hartu du hitza, eta keinu egin dio Sasetaren omenez Loiolan jarritako irudian agertzen diren hitzei. Hark azaldu duenez, Itaca olerkiaren bertso zati batzuk dira irudian jarritakoak. "Egiazko mitoak" aipatu ditu Etxeberriak, eta bide horretatik egin die aipamen ileskortasunari eta oroimenari: "Beti gogoratuko gara Sasetarekin, bere bidaia, gure aldeko bidaia, gogoratzen badugu". lluis llach poeta kataluniarraren hitz batzuk irakurriz eta Kataluniari babesa agertuz amaitu du hitzartzea Etxeberriak.

Ekitaldia amaitzeko, Loiolara bertaratu direnek lore eskaintza egin dute Sasetaren omenezko irudiaren aurrean.

Esker berezia Udalari

Sasetaren senideek gudaria oroitu ez ezik, Azpeitiko Udalak Eusko Gudarostearen memoria berreskuratzeko egin duen lana aitortu nahi izan dute gaurko ekitaldian. 2016. urtean 80 urte bete ziren Eusko Gudarostearen eraketatik, eta urtemugaren harira ekitaldia egin zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak, Loiolan. Orduko hartan, "galtzaileen duintasuna" goratu zuten, eta Eusko Gudarostearekin borrokatuz hil eta urte luzez "ahanzturan" gelditutako gudariak gogoratu zituzten, haien memoria berreskuratzea xede. Ekitaldia amaitzean, haritz bat landatu eta Eusko Gudarostea gogoratzeko oroitarria nahiz ikurriña jarri zituzten Arrupe Hotelaren aurreko zelaian. 

Handik urtebetera, 2017ko uztailean, Eusko Gudarosteaz egindako liburua aurkeztu zuten Aranzadik eta Azpeitiko Udalak, komandantzia eratu zen leku berean: Loiolan. Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteako kideak ondu zuen Eusko Gudarostearen inguruko liburua, Azpeitiko Udalaren eskariz. Hark azaldu zuenez, "Gudarostea posible egin zuten pertsonen izen-abizenak eta haien historia zehatza berreskuratzeko" egin zuten komandantziaren inguruko liburua. Bucesek azaldu zuenez, Azpeitiko komandantziako 1.277 pertsonen zerrenda aurkitu zuten Salamancako (Espainia) artxibategian. Horietatik 569 lagunen informazioa bilatu eta egiaztatu zuten. Horrez gain, EAE-ANVko 259 boluntarioren informazio zehatza jaso zuten liburuan. Lan hura aurkezteaz gain, Eusko Gudarosteko komandantearen omenezko irudia jarri zuten Aranzadik eta Udalak Arrupe Hotelaren aurreko zelaian.