LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu adinekoen egoitzetan

Uztarria.eus 2019ko ots. 22a, 16:02
LAB sindikatuak deituta egoitzetako langileen iazko mobilizazio bat.

Adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek lurraldeko lan hitzarmenaren aldeko borrokarekin jarraitzen dute. Horren harira, LAB sindikatuak bi eguneko greba deitu du adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan datorren asterako, otsailaren 25erako eta 26rako, hain zuzen.

"Dagoeneko bi urte baino gehiago igaro dira Gipuzkoako adineko zentroetako langileen lan baldintzak hobetu ez direnetik, eta urte gehiago Gipuzkoako Zentroen Probintziako Hitzarmen Kolektiboa ezartzen zaienei", kritikatu du LABek, eta lurralde osorako "lan baldintzak bermatuko dituen Hitzarmen Kolektibo bat" eskatu du LAB sindikatuak. Egoitzetan "kalitatezko zerbitzua" eskaintzearen "benetako arduraduna" Gipuzkoako Foru Aldundia dela adierazi du sindikatuak, eta hari eskatu dio erantzunkizuna. Egoitzetako langileentzat lan baldintza hobeak ezarriko dituen hitzarmenaren alde borrokan ari dira iaztik, eta datorren asterako beste bi greba egun deitu ditu LABek, otsailaren 25erako eta 26rako, hain zuzen. Era berean, egoitzetako langileak animatu ditu sindikatuak mobilizazioetan parte hartzera.

Bi eguneko lanuztera deituz ateratako oharrean, LAB sindikatua kritiko agertu da ELA sindikatuarekin ere: "Negoziazio mahaia blokeatu da egoki eratu ez zelako, ELA ez zegoelako. Eta, langileekiko ardura eta begirune gutxi erakutsi duela iruditu zaigunez, haren jarrera salatu dugu. Are gehiago, patronalekin negoziatzen aritu denean negoziazio mahaitik kanpo".