Bost urte, ariketa eta terapia uztartzen

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 22a, 12:11
Azpeitibili egitasmoko partaideak, atzo, irteera hasi aurretik. (Ihintza Elustondo)

Azpeitibili egitasmoaren bidez, ariketa egitera joaten da hainbat herritar astean bi aldiz. Erretiratuak dira partaide gehienak, eta "terapia" gisa ulertzen dituzte saioak. Bost urte beteko ditu proiektuak datorren hilean.

Ohi bezala, hamar bat laguneko kuadrillatxoa elkartu zen atzo goizean Azpeitiko udaletxe azpiko arkupeetan, eguneko ibilaldiari ekiteko. Amets Amubieta (Azpeitia, 1997) gidari zutela, igerilekuko fitness gelara egin zuten irteera. Duela bost urte martxan jarritako Azpeitibili egitasmoan parte hartzen dute, eta gogotsu elkartzen dira guztiak, astelehenero eta ostegunero, kirol pixka bat egiteko. Ordu eta erdi inguruko saioak egiten dituzte.

Gaur-gaurkoz, hamasei lagun daude taldean izena emanda. 65 eta 85 urte artean dituzte, eta erretiratuak dira gehienak. Guztiak emakumeak dira, begiralea izan ezik. "Hasi izan dira gizon batzuk irteeretan parte hartzen, baina ez dakit zergatik, utzi egin diote etortzeari; beldurtu-edo egingo ditugu", bota du batek umorez.

Egitasmoaren helburua da herritarrak kirola egitera animatzea, eta partaideen arabera, oso dinamika "egokia" da horretarako. Hilabete osoko agenda izaten dute, eta saio bakoitzean ibilbide ezberdina egiten dute: batzuetan Lasao aldera joaten dira, besteetan Loiolara, Azkune fruta denda aldera ere bai… Loiolako ariketa gunean ere izan ziren duela gutxi. "Ez gara ibiltzera bakarrik joaten, gauza ezberdinak probatzen ditugu", azaldu du Amubietak.

Partaide guztiek uste dute erretiratu ostean garrantzitsua dela ariketa pixka bat egitea. Haien arabera, gorputza mugitzeak abantaila asko ditu: "Osasun fisikoarentzat ez ezik, buruko osasunarentzat ere lagungarriak dira irteera hauek. Izan ere, kotilleo ugari izaten dugu taldean, eta horrek gaitz askotatik sendatzen du", azaldu du Arantxa Azkunek. Denei ondo etortzen zaie elkarrekin egotea, hitz egitea nahiz lagun berriak egitea.

Olga Rojak nabarmendu du asko lagundu diola Azpeitibili egitasmoan parte hartzeak. "Norberak bere kontura kirola egitea zailagoa da, baina konpromiso bat hartzen baduzu, errazago animatzen zara. Ni bakarrik ez nintzateke aterako", esan du. Gainera, osasunean ere nabaritu du hobekuntza. "Lehen, gorputz atal bateko mina ez bazen, bestekoa izaten nuen: belaunekoa, aldakakoa… Beti ibuprofenoa hartzen ari nintzen, eta ariketa egiten hasi naizenetik, min gutxiago dut. Orain gutxiago joaten naiz medikuarenera. Terapia bat da hau niretzat".

Amubieta hil honetan hasi da taldea gidatzen, eta hark azaldu du "gustura" dabilela zeregin horretan. "Umore ona dute, eta giro ederra dugu taldean".