Azpeitian "jarraipen txikia" izan du adinekoen egoitzetako langileen grebak

Uztarria.eus 2019ko ots. 21a, 16:05
San Martin egoitzaren ataria, gaur.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek bigarren greba eguna dute gaur. ELAk deitu du mobilizatzera, adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzak "oso prekarioak" direlako. Sindikatuaren arabera, "oso jende gutxik" egin du bat grebarekin Azpeitian.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak greba egiten ari dira, ELA sindikatuak deituta. Atzo hasi zuten mobilizazioa, eta martxoaren 10era arte iraungo du. ELAk jakinarazi duenez, protestak "jarraipen txikia" izan du Azpeitian. Sindikatuaren arabera, "oso jende gutxik" egin du bat grebarekin herrian, bai San Martin egoitzan, bai Eguneko Zentroan. Gaur, osteguna, auto karabana egin dute herrian zehar ELAko ordezkariek.

ELAk ordezkatzen du sektoreko langileen gehiengoa, eta atzo hasitako grebaren aldarrikapenak Gipuzkoako Foru Aldundiari egin dizkio, batez ere. Sindikatuak nabarmendu du badagoela aurreakordio bat patronalarekin, eta aldundiaren esku hartzea eskatu du hura gauzatu dadin. ELAren arabera, akordio horrek "egonkortasun eta kalitate handiagoa" emango lioke sektoreari, adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzak "oso prekarioak" baitira oraindik.

Ez da ELAk grebara deitzen duen lehen aldia. Izan ere, azken hilabeteetan hainbat protesta egin dute adinekoen egoitzetako hitzarmenak berritzea eskatuz. Azkenekoz, abenduan egin zuten greba, zazpi egunez.