Egungo eta etorkizuneko kultura politikoaz hausnartzera dator Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia

Uztarria.eus 2019ko ots. 21a, 16:41

Azpeitian egingo dute Nabarraldek antolatutako Zuzenbide Piriniarraren gaineko kongresua, martxoaren 29an eta 30ean. Jardunaldiaren xedea da Zuzenbide Piriniarraren kultura politikoan sakontzea eta horrek etorkizunerako tresnak eskaintzen al dituen hausnartzea. Kongresuan zehar, hizpide izango dituzte, besteak beste, formula juridikoak, antolakuntza ereduak, erabakitze sistemak, euskara, emakumeen rola, parte-hartze politikoa eta autogestioa. Atariko ariketa gisa, Azpeitiko herri eragileen arteko mahai ingurua prestatu dute iganderako.

Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia iritsiko da Azpeitira martxoan. Nabarralde fundazioak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute kongresua, eta Basazabal jauregian izango da, hilaren 29an eta 30ean. Jardunaldirako hilabete falta den arren, itxita dute egitaraua. Antolatzaileek eta sustatzaileek kongresuaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte gaur, osteguna, Basazabalen.  

Azpeitiak hartuko duen kongresua Nabarraldek Zuzenbide Piriniarraren inguruan antolatutako bigarren jardunaldia da. Izan ere, fundazioak 2016. urtean egin zituen Zuzenbide Piriniarraren kontzeptuan sakontzeko lehen urratsak, Agurainen (Araba) egindako kongresuan. Ondoren, Zuzenbide Piriniarra izeneko liburuan jaso zituzten landutako edukiak. Nabarralderen zuzendari Angel Rekaldek azaldu duenez, aurreneko kongresu hartan, "modu akademikoan eta zientifikoan" egin zuten Zuzenbide Piriniarraren gaineko azterketa: "Baskoien gizartearen oinarri nagusi izan zen Zuzenbide Piriniarraren oinarriak eta ezaugarri nagusiak definitu genituen aurreneko kongresuan. Gaur egunera arte iraun duten adierazpideak ere aztertu genituen. Izan ere, Zuzenbide Piriniarraren gainean eraikitzen dira, besteak beste, Foruak, zenbait erakunde, komunaletan oinarritutako jabego zein ustiaketa kolektiboa eta auzolana".

Prestatu duten bigarrengo jardunaldian, aldiz, Zuzenbide Piriniarrak gaur egungo gizartean duen eragina aztertu nahi dute, etorkizunerako tresnak identifikatzeko. "Gure historiaren adierazpen eta ekimen askok Zuzenbide Piriniarrean dute jatorria, eta gaur gaurkoz zuzenbide horrek kolektibo nafarraren jarduera sozioekonomikoaren, administrazio formulen, politika ereduen eta kultur mugimenduen ardatz izaten jarraitzen du. Zuzenbide Piriniarraren pean bizitzeko, lan egiteko, harremantzeko eta erabakitzeko modu zehatzak existitzen dira, eta, finean, mundua ulertzeko modu bat dago. Kultura politikoaz ari gara", esan du Rekaldek. Horren harira, martxoko kongresuan mahai gainera aterako dituzten galderak plazaratu ditu: "Baieztatu al dezakegu Zuzenbide Piriniarraren ondareak bizirik jarraitzen duela? Zertarako balio du mundua ulertzeko modu zehatz horrek gaur egun? Etorkizunerako baliagarriak izan daitezkeen tresnak eskaintzen al dizkigu?". Galdera horiei erantzuten saiatuko dira Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldian.

Erantzunak aurkitzeko kongresua

Martxoaren 29rako eta 30erako hainbat hitzaldi eta mahai inguru prestatu dituzte Nabarraldek eta Udalak, Zuzenbide Piriniarrak gizarte antolakuntzan, pentsamendu politikoan, kultura proiekzioan nahiz lan eremuan etorkizunera begiratzeko tresnak eskaintzen al dituen frogatzeko. Gai ugari landuko dituzte bi egun horietan zehar, eta hizpide izango dituzte, besteak beste, historiako eta gaur egungo formula juridikoak, antolakuntza ereduak, erabakitze sistemak, euskara, emakumeen rola, parte-hartze politikoa eta autogestioa. "Etorkizunerako kultura" zein den hausnartuko dute, Euskal Herrian zein Azpeitian auzolanean aritzen diren kolektiboetako kideekin batera. Hilaren 30eko jardunaldian parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta www.nabarralde.eus atarian dago horretarako aukera. Izen-emate arrunta hamar euro ordaindu beharko da, eta bazkaritarako txartelduna, 25 euro.

Herriko eragileen gogoetak

Zuzenbide Piriniarraren inguruko bigarren kongresuaren atariko ariketa gisa, Azpeitiko herri eragileen arteko mahai ingurua prestatu du Urolako Napar Zuzterrak taldeak datorren iganderako, otsailaren 24rako. Herriko taldeek "autoeraketaren bizipenak eta gogoetak partekatzea" da saioaren xedea. Mirari Bereziartua Nabarraldeko eta Urolako Napar Zuzterrak taldeko kideak "gogoeta kolektiboaren garrantzia" azpimarratu du: "Gure historia idazteko dago oraindik. Guk bermatu behar dugu nafartarron historia jasoko dela. Guztion eginbeharra da hori". Horregatik, herrian beren kabuz antolatzen diren taldeek beren esperientziak partekatzeko eta elkarren berri izateko prestatu dute igandeko mahai ingurua. Bertan parte hartuko duten eragileek beren praktika politikoaren gaineko gogoeta egingo dute, eta hizpide izango dituzte autoeraketa eta autogestioa. Era berean, "globalizazioaren botere sistemaren egiturari" nola aurre egin hausnartuko dute. Igandeko saioa 11:30etik 13:00etara egingo dute, Basazabalen. 

Jardunaldien inguruko informazioa azaltzeko ez ezik, Azpeitiko Udalari eskerrak emateko tartea ere hartu dute Bereziartuak eta Rekaldek. Nabarraldeko kideen aburuz, etorkizunerako kultura politikoa eratzeko "ezinbestekoa" da tokian tokiko herritarren, erakundeen eta eragileen joerak ezagutzea. Azpeitiko Udalaren lana nabarmendu nahi izan du Bereziartuak, Udalak erabiltzen duen Denon artean leloari aipamena eginez. Horri lotuta, erakundeari eskerrak eman dizkio formakuntzara bideratutako eskaintzaren barruan historiaren inguruko ikastaro bat prestatzeagatik. Halaber, Bereziartuak eskerrak eman dizkie Zuzenbide Piriniarraren inguruko jardunaldiak antolatzen aritu diren norbanakoei eta Aitor Bereziartua zinegotziari, "ezkutuan egindako lan guztiagatik". 

Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak ere hartu du hitza gaurko agerraldian. Udalak azken urteotan formazioa sustatzeko egindako bidea aipatu du Goenagak, eta Zuzenbide Piriniarraren kulturaren eta Udalaren jardunaren arteko loturaz hitz egin du: "Auzolana edo herri antolakuntza bezalako hitzak ohikoak dira etorkizunerako kulturaz hitz egiten dugunean. Azpeitiko Udalaren eguneroko jarduna kontzeptu horietan oinarritzen da. Guk bitartekoak eta tresnak eskaintzen dizkiegu herritarrei, baina horien parte-hartzea eta inplikazioa ezinbestekoa da Udalarentzat". 

Hona hemen Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldietako egitaraua:

Martxoak 29, ostirala.

19:00. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Tasio Agerre Nabarraldeko lehendakariak egingo dute inaugurazio ekitaldia.

19:30-21:00. Inaugurazio saioa, J.L. Orella Unzuek eta Jaume Renyerrek eskainiko dute. Moderatzailea Luis Maria Martinez Garate izango da.

Martxoak 30, zapatua.

09:00-09:30. Akreditazioen banaketa.

09:30-10:00. Amaia Nausiak Euskal emakumeak historian eta Zuzenbide Piriniarrean hitzaldia eskainiko du.

10:00-11:30. Asisko Urmenetak Konstituzioaren eta Zuzenbide Estatuaren aldeko aldarri instituzionalak izeneko solasaldia eskainiko du.

10:30-11:00. Derecho Pirenaico en la memoria carlista hitzaldia eskainiko du Fernando Sanchez Aranazek.

11:00-11:30. Atsedena.

11:30-12:00. Mikel Letamizek Kooperatibak, pentsamoldea eta antolakuntza izeneko hitzaldia eskainiko du.

12:00-12:30. Peio Monteanok Euskara en la historia solasaldia eskainiko du.

12:30-14:00. Euskara: euskaldunen habitus herritarra, geroaren gakoa mahai-ingurua izango da. Partaideak: Iñaki Etxezarreta, Eneko Bidegain eta Idoia Arrieta. Moderatzailea: Urko Aristi.

16:00-16:30. Gaztetxeen eta autogestioaren inguruko hitzaldia emango du Hodei Mendinuetak.

16:30-17:00. Parte hartzearen tradizioa gaur egun izenburupean hitzaldia eskainiko du Izaro Gorostidik.

17:00-17:30. Komunikazioak.

17:30-19:00. Herriaren erabakimena eta parte-hartzea mahai-ingurua. Partaideak: Xubane Iza, Maite Azpiazu eta Xabier Gantzarain. 

19:00-19:15. Ondorioak eta itxiera.