Bailarako latinoamerikarren elkartea sortzeko bilera deitu du Loiola Zentroak

Uztarria.eus 2019ko ots. 21a, 13:48

Igandean, 14:00etan elkartuko dira Loiola Zentroan, eta antolatzaileek elkarteaz informatzeko zein hango kide izateko interesa duten oro gonbidatu ditu. Horrez gain, Herritartasun Eskolaren barruan, Demokrazia eta herritarren parte hartzea: begirada feminista hitzaldia eskainiko du Izaskun Saez de la Fuente Aldamak datorren asteartean.

Loiola Zentroak bi hitzordu jarri ditu datozen egunetarako. Batetik, Urola bailarako latinoamerikarren elkartea sortzeko bilera egingo dute igandean, hilaren 24an. Elkartearen inguruan informatu edota bertako kide izan nahi duten guztiak gonbidatu dituzte batzarrera, eta horiek 14:00etan bilduko dira Loiolako Santutegiko Loiola Zentroan. Gaztelaniaz izango da saioa.

Bestetik, Loiola Zentroak Herritartasun Eskola egitasmoaren beste hitzaldi bat egingo dute datorren asteartean, hilaren 26ean. Oraingo honetan, Demokrazia eta herritarren parte hartzea: begirada feminista gaia jorratuko dute, eta Izaskun Saez de la Fuente Aldamak Soziologian eta Zientzia Politikoetan doktoreak emango ditu azalpenak, gaztelaniaz. 19:00etan hasiko da saioa, eta ohi bezala, entzuleek liburutegiko atetik sartu beharko dute saiora. Herritartasun Eskolen xedea da gaurkotasuna duten kezka sozialen inguruko eztabaida bultzatzea eta alternatiben inguruko hausnarketa egitea.