Azpeitiko kultur memoria mapan jartzera

Uztarria.eus 2019ko ots. 21a, 11:23
Asteartean Basazabalen elkartu ziren eragileetako ordezkariak, aurkezpena hasi aurretik. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitiko ondare soziokulturala lantzeko eta jasotzeko proiektu pilotua aurkeztu diete herriko eragileei. Parte hartzea eta euskarri berriak uztartu nahi ditu egitasmoak.

Memoria eta ondare soziokulturala jasotzeko eta gordetzeko asmoarekin, Kultur Memoriak izeneko egitasmoa aurkeztu zuen otsail hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektu pilotua izango da hasieran eta hiru udalerritan garatuko dute, udalen babesarekin: Arrasaten, Eibarren eta Azpeitian. Herenegun, proiektua gidatuko duen Moviltik enpresako kideak Basazabal jauregian izan ziren, Azpeitiko eragileei Kultur Memoriaken xehetasunak azaltzeko.

Herritarren parte hartzea eta euskarri teknologikoak uztartu nahi ditu proiektu berriak. Herriko aberastasun kulturala, materiala edota inmateriala, mapa digital batean kokatzea eta gordetzea da azken xedea; aldundiak horretarako prestatuko duen webgune batean jasoko dute informazio guztia. "Sorkuntza parte hartzaile prozesu bat da, herritarrek udalerri bat arakatuz, eta horren errealitate soziokulturala identifikatuz eta dokumentatuz, talde kontaketa bat egiteko", azaldu zuen Basazabalen Moviltikeko Eneko Diezek. Ondare soziokulturala dokumentatzeko sorkuntza formatu ezberdinak erabiltzera gonbidatuko dituzte herritarrak: bideoak, audioak, argazkiak, artxibo materiala… Formatu guztiak eskuko telefonoekin lantzea da egitasmoa gidatuko dutenen asmoa.

Tailerrak eta formazioa

Hain zuzen ere, martxoan eta apirilean gauzatu asmo dute ondare horren mapa sortzeko parte hartze prozesua. Azpeitian, Kultur Mahaia ari da bideratzen proiektua; mahaiko kide diren eragileei luzatu die egitasmora batzeko gonbidapena, eta horietako batzuk elkartu ziren herenegungo aurkezpenean. Dena den, interesa duen edozein herritarrek eman dezake izena, edota informazioa eskatu, info@kulturmemoriak.eus helbidera mezua idatzita edo 622 82 51 13 telefonora deituta. Proiektuaren sustatzaileen xedea da 15-20 laguneko taldea sortzea.

Basazabalen elkartutakoek nabarmendu zuten bi hilabete "oso denbora gutxi" dela horrelako proiektu bat gauzatzeko. Kultur Memoriak egitasmoaren barruan Azpeitian zer gai jorratuko dituzten eta horiek nola landu adostu beharko dute, batetik, parte hartzaileek; eta informazioa lantzeko beharko dituzten teknologia euskarriak erabiltzeko trebakuntza ere jasoko dute. Horretarako, tailerrak eta formazio saioak egingo dituzte. Horiek noiz eta nola egin finkatzea izango da, hain zuzen ere, hurrengo urratsetako bat.

Lehen urratsak

Gaiak aukeratzeko "askatasuna" ere hizpide izan zuten eragileetako batzuk; Azpeitiko ondare eta memoria soziokulturala jasoko duen mapa digitalean zer gai eta kontu jaso parte hartzaileek erabakiko al duten jakin nahi zuten. Sustatzaileek azaldu zuten parte hartzaileen esku egongo dela zer gai jorratu, baina argitu zuten, era berean, "aukeratu" egin beharko dituztela gaiok, dena egiteko astirik ez baitute izango.

Denbora eta ahalmen muga horiei lotuta, datozen bi hilabeteetako lana "hasiera besterik ez" dela izango nabarmendu zuen Diezek, eta mapa osatzen jarraitzeko aukera irekita geldituko dela.