Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen inguruko erakusketa iritsi da Burdinbidearen Euskal Museora

Uztarria.eus 2019ko ots. 20a, 16:37

Neurri handiko 24 panelek osatzen dute Pirinioetako Burdinaren Iblbidearen inguruko erakusketa ibiltaria, eta Pirinioen bi aldeetan dagoen burdin ondarearen inguruko informazioa dute horiek oinarri. Atzo zabaldu zuten erakusketa, eta martxoaren 4ra arte egongo da ikusgai Azpeitian. 

Erakusketa berri bat iritsi da Burdinbidearen Euskal Museora. Izan ere, atzotik ikusgai dago Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen inguruko erakusketa Azpeitian. Pirinioetako Burdinaren Ibilbidea osatzen duten lekuetan –horien artean dago Azpeitiko Tren Museoa– jartzen duten erakusketa ibiltaria da herrira iritsi berri dena. 

Burdinaren historiari lotuta dauden zenbait museok, parkek eta interpretazio gunek osatzen dute Pirinioetako Burdinaren Ibilbidea hala nola meategiek, burdinolek eta burdinbideek. Hain zuzen, Kataluniako, Andorrako, Frantziako eta Euskal Herriko 22 ondare turistikok osatzen dute ibilbide hori. 

Neurri handiko 24 panelek osatzen dute Pirinioetako Burdinaren Iblbidearen inguruko erakusketa. Argazkiz, marrazkiz eta irudiz jantzita daude informazio panelak, eta erausketara bertaratzen direnek burdinak mendeetan zehar Pirinioen bi aldeetan osatutako ondarearen inguruko informazioa jasoko dute . 

Erakusketa ibiltaria Elgoibarko Makina-erremintaren museotik heldu da Azpeitira, eta Burdinbidearen Euskal Museoko estazio zaharraren eraikinean egongo da ikusgai, martxoaren 4ra arte. Ondoren, Aiako Agorregi burdinolara iritsiko da erakusketa ibiltaria.

Honako hau da Trenbidearen Euskal Museoaren ordutegia: 

  • Asteartetik larunbatera: 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.
  • Igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik): 10:30etik 14:00etara.