Loren Azkue: "Tailer batean baino nahiago dut mendian lan egin"

Uztarria.eus 2019ko ots. 20a, 12:21
Loren Azkue, Astungo eskiatzeko pistetan.

Huescako (Espainia) Canfranc herrian bizi da duela hiru urtetik azpeitiarra. Snowboard eskolak ematen ditu. Lehen aldiz, ez da itzuliko etxera negua pasatzean. 2019ko otsaileko Uztarria aldizkariko Zu zeu atalerako egin zion elkarrizketa hau Ihintza Elustondo kazetariak.

Zer dela eta joan zinen Pirinioetara bizitzera?

Lehen, motoan ibiltzen nintzen, baina istripu baten ondorioz, eskua ireki nuen; lasterketa bat falta zitzaidan Euskadiko txapeldun izateko, eta izorratuta egon nintzen. "Zer egingo dut?", galdetzen nion neure buruari. Lagunekin Andorrara joan nintzen Gabonak pasatzera, eta ikusi nuen jendea oso gustura zegoela han bizitzen eta eski ikastaroak ematen. Pentsatu nuen: "Hurrengo urtean probatu egin behar diat".

Zer egiten duzu egunerokoan?

Snowboardeko irakaslea naiz Skicenter eskolan, eta eski ikastaroetan ere aritzen naiz laguntzen. Bezeroen arabera, Astungo edo Candanchuko pistetan ematen ditut saioak. Orain arte, eski denboraldia bukatzean Azpeitira itzultzen nintzen, baina aurten, lehen aldiz, hemen geldituko naiz. Bizikleta ikastaroak ematen saiatuko naiz.

Nolatan hasi zinen snowboarda praktikatzen?

Zorte handia daukat ditudan gurasoak izanda. Aita surflaria da, eta hark irakatsi zidan snowboarda, berak jakin gabe. Artista bat da nire aita, egia esan. Eskerrak eman behar dizkiot; berarengatik nago mundu honetan.

Zer da bizimodu horretatik gehien gustatzen zaizuna?

Mendian denbora asko pasatzen dut, eta hori asko gustatzen zait. Hemen arnasten dudana mundiala da. Urte asko eman ditut tailer batean lanean, eta zer da hobe, dirua ala osasuna izatea? Balantzan jarrita, tailer batean baino nahiago dut mendian lan egin.

Umeekin zer moduz moldatzen zara?

Fenomeno pasatzen dut beraiekin. Egiten dudan lanagatik haiek eskerrak emateak ez du preziorik.

Ezer txarrik ba al du zure lanak?

Egonkortasun falta, eguraldiaren menpe bizi gara.

Aurten, elur gutxiegi dagoela diote.

Hemengo baserritarrek-eta esaten dute normala dela, baina uste dut aldaketa klimatikoaren eragina ere badela.

Herria ez al duzu faltan sumatzen?

Ez dut ezetzik esango. Batez ere, letxuga berde hori sumatzen dut faltan.