Eska daitezke enpresa ideiak edo proiektu berriak garatzeko dirulaguntzak

Uztarria.eus 2019ko ots. 18a, 16:21

Gaurtik martxoaren 1a bitartean izango dute herritarrek ideiak eta proiektuak Azpeitiko udaletxean aurkezteko aukera. Laguntza eskatu nahi duten herritarrek lanik gabe egon beharko dute edo %30ekoa baino txikiagoa den lanaldia izan beharko dute.

Enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko bi dirulaguntza lerro jarri ditu martxan Azpeitiko Udalak, eskualdeko beste udal batzuekin abian jarritako Plan Estrategikoaren barruan. Gaurtik martxoaren 1a bitartean izango dute herritarrek ideiak eta proiektuak Azpeitiko udaletxean aurkezteko aukera. Dirulaguntza eskatu nahi duten herritarrek lanik gabe egon beharko dute edo %30ekoa baino txikiagoa den lanaldia izan beharko dute.

Honako hauek dira bi dirulaguntza lerroak:

  • Enpresa ideia garatzeko dirulaguntza: ideia bat daukaten eta hori bideragarria al den jakin nahi dutenentzat bideratuko da. Ekintzaile horiei beren inpresa ideia sortzen, aztertzen eta egituratzen lagunduko zaie. Gehienez zazpi pertsonei emango diete laguntza: 30 urte baino gutxiago dituzten sei laguni (lau gizon eta bi emakume izango dira, baina proiektuaren balioaren arabera alda dezakete banaketa) eta 30 urtetik gorako bati (emakume bat edo gizon bat). Gutxienez 1.000 euroko laguntza eta gehienez 1.300 eurokoa jasoko du onuradun bakoitzak. Honako lotura honetan irakur daitezke laguntza honen oinarriak.
  • Enpresa proiektu berriak martxan jartzeko dirulaguntza: negozio ideia zehatz bat garatuta eta abian jartzea nahi duten ekintzaileentzat zuzendutako laguntza da. Laguntza hori 30 urte baino gutxiago dituzten lau pertsonek jasoko dute (bi emakume eta bi gizon). Gutxienez 1.500 euroko dirulaguntza eta gehienez 1.950 eurokoa emango diote onuradun bakoitzari. Honako lotura honetan irakur daitezke laguntza honen oinarriak.

Behin proiektuak aurkezteko epea bukatuta, aurkeztutako proposamenen azterketa eta hautaketa egingo dute martxoaren 4an edo 5ean. Segidan, martxoaren 6an, tutoretza prozesuaren hasierako saioa eskainiko dute. Saio horretan aukeratzen dituzten proiektuen sortzaileek soilik parte hartu ahal izango dute.

Diru-laguntzak jaso eta horien inguruko informazio gehiago eskuratu nahi duenak Iraurgi Berritzeneko 943-85 11 00 telefono zenbakira deitu edo alarranaga@iraurgiberritzen.eus helbidera idatz dezakete.