Xabat Manzisidor: "Ez nuen espero aurrez ezarrita nuen denbora jaisterik"

Uztarria.eus 2019ko ots. 18a, 13:11

Sevillan (Espainia) oraindik ere, eta poza ezkutatu ezinik, Uztarria.eus-en galderei erantzun die Xabat Manzisidorrek (Azpeitia, 1985) Andaluziako hiriburuko maratoiaren biharamunean. Bere marka hobetzea lortu zuen azpeitiarrak atzokoan, 02:24:35 denbora eginda, eta lehen emakumearen ostean helmugaratu zen, lasterketa osoa haren taldean egin ostean.

Oso marka ona egin zenuen atzoko maratoian. Gustura al zaude lortutakoarekin?

Oso gustura nago. Ez nuen espero aurrez ezarrita nuen denbora jaisterik, neure mugara iritsita nengoelako. Osaba harrapatu dut, bi ordu eta 24 minutuan baitzuen hark maratoiko denbora onena. Aitak, berriz, bi ordu eta 22 minutuan dauka marka, eta zaila izango da denbora horretara iristea [barrez].

Lehen emakumearen taldean egin zenuen ibilbidea.

Talde perfektua tokatu zitzaidan lasterketan; izan ere, lehen neskari tiraka aritu ziren denak, eta haiekin egin nuen proba. Pixka bat txupakamaras ibili omen nintzen [barrez]; neuk ez nekien hori horrela izan zenik, baina hala esan didate. Dezente agertu omen nintzen telebistan. Entzun ditut ederrak. Ni ez nintzen kamerekin ohartu ere egin, taldean jarri eta kontzentratuta egin nuen lasterketa. Gustura nago, oso.

Bi minutu hobetu duzu zeure marka. Espero al zenuen?

Hala da, bi ordu, 26 minutu eta 25 segundotan bainuen marka. Ondo prestatuta nengoen, baina azken aldian bat onik ez nuen egin. Donostiako maratoira asko prestatu gabe joan nintzen, eta nahikoa ondo egin nuen, baina... Atzorako prestatzen aritu naiz, baina sufritzea espero nuen, eta ondo atera zitzaidan.

Iaz ere parte hartu zenuen Sevillako maratoian...

Bai, orduan ere talde ona nuen, eguraldia ere bai, baina neu gaizki nengoen; tripetatik sufritu nuen. 25. kilometrorako komunera joaten hasi nintzen, eta...

Zer du berezia Sevillako maratoiak?

Ibilbidea lau-laua da, eta ez du kasik bihurgunerik. Beste batzuek, Donostiakoak adibidez, bihurgune handiak dituzte, eta bakoitzean berriz arrankatu behar izaten da. Tenperatura ere ezin hobea izan zen atzo; izan ere, 8 eta 13 gradu artean izan genituen proba egin bitartean. Haizerik ere ez zuen egin, eta esan bezala, talde oso egokia egokitu zitzaidan nire erritmorako. Donostiakoan, agian, bakarrik egin behar izaten duzu maratoi osoa. Aipatzekoa da andaluziarrek zenbat animatzen duten. Herrigunetik ateratakoan, pixka bat jende gutxiago zegoen animatzen, baina musika jarrita zuten. Herrigunean, berriz, izugarrizko giroa zegoen, eta hori ederra da.

Datozen hilabeteetarako zer proba dituzu jomugan?

Sevillakoa nola ateratzen zen ikusteko zain nengoen, baina ondo egin dudanez, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiari joko diot atakea. Batez bestekoa ordubete eta hamar minutuan daukat, eta ea bederatzi minututik jaisten dudan denbora. Ondo nagoenez, horretan saiatuko naiz. Gainera, proba herrian da, eta saltsa izaten da.