Nerea Barjolaren 'Microfisica sexista del poder' liburuaz solastuko dira bihar Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2019ko ots. 19a, 11:12

Sexu indarkeria kasuei hedabideetan emandako trataerari kritika egiten die Barjolak Emakumeen Txokoan aurkeztuko duen Microfisica sexista del poder liburuan. Alcasserko nesken hilketei komunikabideek emandako tratamendua baliatu du idazleak izu sexualari buruzko kontakizunak nola zabaltzen diren aztertzeko.

Beste hitzordu bat izango da bihar, otsailak 20, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Oraingoan, Nerea Barjola politologo feministak iaz kaleratutako Microfisica sexista del poder. El caso Alcasser y la construccion del terror sexual (Boterearen mikrofisika sexista. Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza) liburua aurkeztuko du Emakumeen Txokoan, 18:00etan hasita. Liburuaren nondik norakoez eta sexu indarkeria kasuei hedabideetan ematen zaien trataeraz solastuko dira biharko saiora bertaratzen diren herritarrak.

Barjolak sexu indarkeria kasuen inguruan komunikabideek egindako tratamendua aztertu du Microfisica sexista del poder liburuan. 1992ko azaroan Alcasserren (Valentzia, Herrialde Katalanak) jazotako hilketen inguruan hedabideek egindako tratamendua baliatu du terrore sexualari buruzko kontakizunak nola sortzen eta zabaltzen diren aztertzeko. Dantzaleku batera zihoazela, bi gizonek autostopean hartu zituzten Alcasserko hiru neskak. Bahitu, bortxatu, torturatu eta hil egin zituzten. Haien gorpuak ez ziren 1993ko urtarrilerarte agertu, urtegi batetik hurbil, erdi lurperatuta. Hedabideek jarraipen berezia egin zieten bilaketa lanei, hilketei buruzko albisteei eta epaiketari. Horikeriaz blaitutako jardun haren eraginak aztertu zituen Nerea Barjolak bere tesian, eta ondoren, liburu batean jaso zituen. 

Lan hori da, hain zuzen, Azpeitian aurkeztuko duena. Barjolak egindako ikerketan ondorioztatu du komunikabideek ez zutela Alcasserkoa "krimen matxistatzat" hartu, eta, kontrara, sexu indarkeriari lotutako izu mezuak hedatzeko baliatu zutela. Barjolaren hitzetan, "hedabideek diziplina mezu bat igorri zieten garaiko emakumeei, eta urteetan zehar izan du arrastoa andreen jokabideetan".