Herritarrentzat erabilgarri jarri dituzte Basazabal jauregiko gelak

Uztarria.eus 2019ko ots. 18a, 11:40
Basazabaleko gela txikia. (Azpeitiko Udala)

Turismo bulegoaz gain, formaziora bideratutako hainbat espazio egokitu ditu Udalak jauregian. Sindikatu Zaharreko eta Baigerako gelen gisan, Basazabalekoak ere erabilgarri izango dira aurrerantzean, jauregiaren ordutegiaren barruan. Jauregiko harreran edo udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan erreserbatu daitezke gelak.

Joan zen urtarrilaren 25ean inauguratu zuten Basazabal jauregia, eta dagoeneko hasi dira bertan ikastaroak ematen eta jardunaldiak egiten. Izan ere, herritarrentzat hainbat gela jarri dituzte erabilgarri jauregian. Basazabalen, turismo bulegoaz gain, formaziora bideratutako hainbat espazio egokitu ditu Udalak; bi solairu eta hainbat gela daude bertan, ikastaroak, jardunaldiak nahiz hitzaldiak egin ahal izateko. Horrenbestez, Sindikatu Zaharreko eta Baigerako gelen gisan, Basazabalekoak ere erabilgarri izango dira aurrerantzean, jauregiaren ordutegiaren barruan.

Udalak azaldu duenez, formazio zentroko egunerokoak izango du lehentasuna eraikin horretako geletan, baina Basazabalen zerbait antolatu nahi duten herritarrek aurrez lekua erreserbatu beharko dute, jauregiko harreran edo udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Basazabalen erabilera anitzeko gela txiki eta handiak egokitu dituzte, eta 70 bat lagunentzako areto bat ere bada erabilgarri.

Asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da zabalik Basazabal. Aldiz, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara irekiko dute.

Ezkontzak egiteko aukera

Aurrerantzean, Basazabal jauregian ezkontzak egiteko aukera eskainiko du Azpeitiko Udalak. Eraikinaren lehen solairuan egingo dituzte ekitaldi horiek, eta bertan ezkondu nahi duten herritarrek ohiko prozedura jarraitu eta lekua udaletxera joanda erreserbatu beharko dute.