Xabier Aranburu 'Guzta' Urrezko Harrijasotze txapelketako finalera sailkatu da

Uztarria.eus 2019ko ots. 17a, 19:50
Xabier Aranburu ‘Guzta’ artxiboko irudi batean.

Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finalerdia eta Urrezko Harrijasotze txapelketako kanporaketa jokatu dituzte gaur Oñatin. Erabakita gelditu da zein izango diren martxoaren 2an Azpeitian jokatuko den finalean lehiatuko direnak.

Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finalerdia eta Urrezko Harrijasotze txapelketako kanporaketa jokatu dituzte gaur Oñatin (Gipuzkoa), 12:00etan hasita. Harri jasotzaileen artean, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna lehiatu da. Guztira, 2.625 kilo jaso ditu erakustaldian, eta beraz, Urrezko Harrijasotze txapelketaren finalera sailkatu da. 

Aizkolarien artean, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondo aritu dira Iker Vicenteren eta Ruben Saralegiren aurka, eta Vicente eta Saralegi sailkatu dira finalerako; izan ere, haiek 25′ 22” denbora behar izan dute lanak amaitzeko, eta aurkariek, 26′ 52”. 

Finalistak, erabakita

Gaurkoa izan da azken finalerdia, eta beraz, erabakita gelditu da zein izango diren martxoaren 2an Azpeitian jokatuko den finalean arituko diren kirolariak. Harrijasotzaileen artean izango dira Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Guzta eta Aimar Galarraga oriotarra. 

Bestalde, aizkolarien artean, honako bikote hauek lehiatuko dira: Aitzol Atutxa eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra, eta Iker Vicente eta Ruben Saralegi. 

Emakumeetan, berriz, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa ariko dira aizkoran. 23 urtez azpikoen aizkorarko finala ere jokatuko dute Azpeitian, eta honako kirolari hauek ariko dira nor baino nor: Julen Larrea III eta Hodei Ezpeleta, Oier Cañamares IV eta Xuban Kañamares V, Joxean Etxeberria eta Aritz Azpiazu Arria VI.a, eta Ioritz Gisasola Zelai III eta Unai Zabala.