Bertsoak, umeentzat jolas

Uztarria.eus 2019ko ots. 17a, 19:42

Hainbat saio egin ostean, gaur, igandea, amaitu da Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako Bertso Astea. Eta ez da edonola bukatu, gainera; izan ere, ohiko bertso saioetatik haratago, umeei zuzendutako Bertso Jasa, bat-bateko jolasa emanaldia egin dute Sanagustin kulturgunean, eta han bildutako umeak Maialen Arzallus eta Unai Mendizabal bertsolariekin aritu dira hitzekin jolasean. Gai jartzaile lanetan, hitzak proposatuz zein oinekin bertsoak osatuz aritu dira publikoa zein bertsolariak, eta haur zein helduk, giro polita sortu dute guztiek.

Joan zen otsailaren 7an hasi zuten Erniarraitzek bi urtean behin antolatzen duen egitasmoa. Nerea Ibarzabalek eta Andoni Egañak bertso poteoa egin zuten Azkoitiko tabernetan, eta ordutik, Zestoan eta Errezilen egin du geldialdia Bertso Asteak. Azken bi herrietan bertso saioak eskaini dituzte Jone Uria, Unai Iturriaga, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga, Unai Agirr eta Jexux Mari Irazu bertsolariek, eta elkarteak umeekin agurtu du egitasmoa, Azpeitian.