Harrera beroa izan du 'Käffka' antzezlanak

Uztarria.eus 2019ko ots. 17a, 17:53

Kamikaz Kolektiboak Käffka antzezlana taularatu zuen ostiralean Soreasu antzokian, eta herritarren artean ikusmina sortu zuen emanaldiak. Izan ere, herritar ugari bertaratu zen Erika Olaizola azpeitiarrak, Amancay Gaztañaga zestoarrak eta Miren Gaztañaga irundarrak -hirurak dira konpainiako kideak– zuzendu duten antzezlana ikustera. Iraia Elias, Mikel Ibarguren, Edurne Azkarate, Amaia Irazabal eta Oier Guillan igo ziren taula gainera, eta bost aktoreek 2049. urtean girotutako istorioa kontatu zuten: munduak kataklismo bat izan ondoren, nerabeak kontrolatzeko Käffka eremuak sortu dituzte gizarte berrian, eta testuinguru horretan ezagutuko dute elkar antzezlaneko bi protagonistek; beren maitasunarekin ez dute inolako arazorik, baina gizarteak badu hori onartzeko arazoa. Hori da antzezlanaren haria, eta publikoa sexu aniztasunaren inguruan sentsibilizatzea eta hausnartzea du helburu antzezlanak. Kamikaz Kolektiboak Gehitu eta Ortzadar LGBT elkarteekin elkarlanean gauzatu du lana.

Saioa hasi aurretik, Olaizolak hartu zuen hitza, eta adierazi zuen "pozgarria" zela adin desberdinetako publikoa Soreasun ikustea. Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetatik kanpo antolatutako antzerki emanaldi batean "horrenbeste jende" ikusteak ere "poza" eman ziola gaineratu zuen azpeitiarrak.

(Argazkiak: Alberto Beloki)