Lapiko bakoitzari, bere tapa

Gipuzkoako Hitza 2019ko ots. 15a, 11:11

Inguruan dituzten arazoez hausnartzeko ekintzak antolatzen ditu Hitzez emakume baserritarren elkarteak. Testamentua ondo egiteraren garrantziaz aritu berri dira Azpeitian, eta horren berri eman du Gipuzkoako Hitza astekariak.

Herentzia kontuek liskar handiak eragin izan dituzte familia batzuetan. Baita gurasoek euren ondarea banatzeko testamentua egina zuten kasuetan ere. "Eta baserri bat tartean denean, are gehiago", dio Ana Mari Eizagirre Hitzez emakume baserritarren elkarteko presidenteak. Haren arabera, nekazari munduan, "kalean baino arazo handiagoa" dago herentzia kontuekin, "ikuspuntuaren arabera testamentu baten interpretazioa erabat alda daitekeelako". Horrelako arazoak saihesteko asmoz, Euskal zuzenbide zibila, zertarako egin testamentua? jardunaldiak egin zituzten, iragan astean, Azpeitian. Francisco Javier Lazaro Azpeitiko notarioak eman zuen hitzaldi nagusia, eta kudeatzaile agentzia baten ordezkariak ere aritu ziren zalantzak argitzen.

Historikoki, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, bakoitzak bere foruak izan ditu, eta horiek arautu izan dituzte testamentuak. "Tartean baserri bat dagoen kasuetan, hari ematen zaion balioa izaten da gakoa. Baserritarrak kontuan izango du han bizitzeak eta handik bizitzeak duen balioa. Horretarako, aldundira, Lurgintzara, Abelurrera edo landa garapenerako beste edozein erakundetara joan zaitezke, eta haietako edozeinen bidez joango da aldundiko norbait baserria balioztatzera".

Jarraitu irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.