Eskuko telefonoetarako aplikazioa sortu du Kulturaz kooperatibak

Uztarria.eus 2019ko ots. 13a, 13:08

Kulturazek antolatutako kultur ekitaldien eta zinema emanaldien inguruko informazio guztia jasotzeko aukera izango dute Kulturaz aplikazioaren erabiltzaileek. Kultur Bonoaren erabileraren jarraipena egiteko aukera eskaintzen du aplikazioak, eta Android eta iPhone telefonoetarako jarri dute eskuragarri. Doakoa da, eta deskargatu daiteke dagoeneko. 

Kulturaz kooperatibak eskuko telefonoetarako Kulturaz aplikazioa sortu du, herritarrek kooperatibak antolatutako ekintzen berri izateko eta Kultur Bonoaren erabileraren jarraipena egiteko. Kulturazek azaldu duenez, aplikazioaren bitartez, kultur ekitaldien inguruko xehetasunak "oso modu sinplean" jasotzeko aukera izango dute haren erabiltzaileek: "Agenda eta zinema eskaintza osoaren berri jaso daiteke, ekitaldi bakoitzaren inguruko informazio guztia ikusteko aukera eskainiko baitu aplikazioak". Gainera, Kultur Bonoa duten herritarrei hainbat erraztasun eskainiko dizkio Kulturaz aplikazioak. Esaterako, Kultur Bonoaren erabileraren jarraipena egiteko aukera egongo da. Hau da, bonoaren erabiltzaileek aplikazioaren bitartez Kultur Bonoa zenbat aldiz erabili duten jakin ahal izango dute.

Android eta iPhone mugikorretarako egokitu dute doakoa aplikazioa, eta eskuragarri dago jada honako lotura hauetan:

- Android mugikorretarako: https://play.google.com/store/apps/details?id=com.codesyntax.kulturaz

- iPhonetarako: https://itunes.apple.com/us/app/kulturaz/id1447343660?mt=8

Kultur agenda, ekitaldiz beteta

Datozen egun eta asteetako kultur agenda ekitaldiz gainezka dago. Aste honetan ez da ekitaldirik faltako Soreasu antzokian eta Sanagustin kulturgunean. Izan ere, ostiraletik hasita Käffka antzezlana, metal gaua The Wizards eta The Hammer Killers taldeen eskutik, Pirritx eta Porrotx eta Marimototsen Musuak ikuskizuna eta Bertso Jasa izango dira herrian.

Hurrengo astean, berriz, Berri Txarrak, Moby Dick, Izaki Gardenak eta Hezurbeltzak taldeen kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean.