Errepide ondoan zeuden zuhaitzak "bereizi gabe" moztu dituztela salatu dute

Uztarria.eus 2019ko ots. 13a, 10:49

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitia eta Errezil arteko errepide ondoan zuhaitzak kimatu izana salatu du Zuhaitzak Bizirik taldeak. Erakundeak adierazi du "segurtasuna bermatzeko" egin dituela lan horiek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitia eta Errezil arteko GI-2634 errepidean zuhaitz eta adar "tona ugari" moztu dituela salatu du Zuhaitzak Bizirik taldeak. Langileek 18. kilometrotik, Azpeitiko Landeta auzoko biribilgunetik, 23. kilometrora arteko zatian kimatu dituzte zuhaitzak, eta egindako lana "ingurumenaren aurkako delitu larria" dela esan dute taldeko kide Javier Albizurik, Aitor Aldalurrek eta Iban Huertak. Aldundiak Landetako biribilgunearen ondoan pilatuta utzi dituen moztutako zuhaitzetako eta adarretako batzuen aurrean egin zuten agerraldia hiru kideek joan den ostegunean. "Atzean dugun biomasa horrek 35 metro luze eta bost metro zabal neurtzen ditu, eta egindako lanaren zati bat besterik ez da", ohartarazi zuten.

Zuhaitzak Bizirikek salatu du aldundiak "segurtasunaren eta mantenuaren" izenean "bereizi gabe" moztu dituela errepidearen bi aldeetako zuhaitzak. Taldeak, gainera, jakinarazi du zuhaitz autoktono ugari zeudela kimatutakoen artean: haritzak, haltzak, zumarrak edota urkiak. "Horietako batzuk, gainera, 80 urtetik gora zituzten, eta hiru astetan guztiak moztu dituzte".

Albizuriren arabera, halako errepideetan izaten diren istripu gehienak abiaduragatik gertatzen dira, ez zuhaitzek eraginda. Gainera, errepide horretan zeuden zuhaitzek hainbat funtzio betetzen zutela azpimarratu du. Besteak beste, bidearen bi aldeetako zuhaitzek kupula bat sortzen zuten, eta horrek karbono dioxidoa airean hedatzea saihesten zuela esan dute. Era berean, zuhaitzek malda eusten zutela gaineratu du: "Hemendik urte batzuetara, zuhaitzak moztutako eremuan luiziren bat gerta daiteke". Talde ekologistak hala azpimarratu du: "Ez gaude langileen kontra, baina hemen egin dituztenak ez dira hastapen eta mantenu lanak izan. Hori hala balitz, orbelak jasoko lituzkete, horiek arriskutsuak baitira".

Zuhaitzak kimatzea baino "teknika eraginkorragoak" badaudela adierazi du taldeak. Dena den, zuhaitzak inaustekotan, lanok udan egin behar direla uste dute. "Zuhaitzek hostoak dituztenean antzematen da zein adar dituzten ihartuta. Adar horiek arriskutsuak dira, eta horiek moztu egin behar dira".

"Okertuta zeudenak"

Gipuzkoako Foru Aldundiak HITZAri adierazi dio GI-2634 errepidearen ondoan egin dituen zuhaitzen mozketak herrialdeko errepide sare osoan egin ohi dituen podaketa lanen barruan gauzatu dituela. Erakundearen esanetan, errepidetik hiru eta lau metrotara dagoen ezpondan egin dituzte lanak, eta "okertuta" eta "erortzeko arriskuan" zeuden zuhaitzak eta adarrak kimatuz. "Kasu honetan, ezpondak nahiko maldatsuak dira, eta horregatik, zuhaitzak azkar okertzen dira. Gehienak moztu behar izan ditugu, errepidean gutxieneko eta beharrezko segurtasun maila bermatzeko".

Era berean, aldundiak nabarmendu du gainerako errepide sarean baino arazo gehiago sortu ohi direla Azpeitia eta Errezil lotzen dituen bidean. Hain zuzen ere, azken bost urteetan, batez beste 80 esku-hartze egin dituzte errepide horretan adarrak eta enborrak kentzeko. Gainera, gogoratu du "bide segurtasun arazo larriak" ere eragin izan dituztela zuhaitzek, eta ildo horretan, iazko urtarrilean zuhaitz batek auto bat azpian harrapatu zuela gogorarazi du.

Zuhaitzak Bizirikek iazko ezbehar hura ere izan du gogoan, eta azpimarratu du egun badaudela zuhaitzak erotzeko arriskuan al dauden jakiteko teknikak. "Indarra erabilita neurtzen dute zuhaitzek zenbaterainoko ahalmena duten lurrari eusteko. Beste herrialde batzuetan gero eta halako teknika gehiago erabiltzen dituzte, eta adaburuek osatzen duten kupula mantentu ere egiten dute. Baina noski, zuhaitza moztea merkeagoa da; kaltegarriagoa ere bai, ordea".