Azpeititik Kataluniara elkartasuna, eta igandean Donostiara joateko deia

Uztarria.eus | Politika
2019ko ots. 12a, 19:36

Gaur, asteartea, hasi da Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa Madrilen, eta epaituei elkartasuna adierazteko mobilizazio ugari egin dira Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Azpeitian ere. Dozenaka lagun irten da kalera "konponbidea, demokrazioa eta askatasuna" aldarrikatzera, haietako batzuk esteladak eta ikurrinak eskuetan zituztela, Gure Esku Dagok deituta plazan egin den elkarretaratzean.

Kontzentrazioaren bukaeran, Junts (elkarrekin) zioen pankartaren aurrean, adierazpena irakurri dute Azpeitiko Gure Esku Dagokoek, eta igandean Donostian 12:00etan hasita egingo den manifestaziora joateko dei egin diete herritarrei. Gaur Espainiako Auzitegi Gorenean hasi den epaiketarekin, "preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan", Gure Esku Dagoren aburuz. Hona hemen, osorik, plazan irakurri duten adierazpena:

"Bi Jordiek 485 egun daramatzate espetxean; Oriol Junquerasek eta Joaquim Fornek 467; Josep Rullek, Dolors Bassak, Jordi Turullek eta Raul Romevak 358; eta Carme Forcadellek 329. Urriaren 1eko erreferendumetik ia urte eta erdi pasa ondoren, gaur hasi da Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean.

Epaiketa hori denon kontua da. Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi du.

Horren aurrean, gure burua demokratatzat dugun guztiok bat egin behar dugu, bai epaiketaren aurrean, baita eskubide zibil eta politikoen urraketa guztien aurrean ere.

Horretan ari gara. Astelehenean gizarteko hainbat alorretako erreferentziazko 68 lagunek manifestu bat plazaratu zuten. Konponbide politiko baten alde agertu ziren, eta presoak askatzeko eta auzia eteteko eskatu. Bestalde, orain eta hemen bezala, Euskal Herriko 60 bat herritan atera dira herritarrak kalera, konponbidea, demokrazia eta askatasuna aldarri.

Eta mobilizazio garrantzitsuena igandean egingo dugu, Donostian. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Gros auzoko Katalunia plazatik, eta Bulebarreko kioskoan amaituko da.

Mobilizazioak bereizgarri bat izango du: kolorea; horiz, elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak. Aterki horiak izango dira elementu nagusiak, eta eskuragarri egongo dira ibilbidearen hasieran eta amaieran. Gaur, berriro ere, deia egiten dugu horiz jantzi eta konplementu edota xingola horiak soinean eramateko, elkartasun keinu gisa, bai manifestazioan, baita epaiketak irauten duen artean ere.

Preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan. Hiru dira oinarrizko aldarriak; atera ditzagun kalera:

Konponbidea, demokrazia eta askatasuna.

Solució, democràcia i llibertat".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu