Lolo Encinas: "Igoera fasea jokatzeko ilusio handiarekin gaude"

Uztarria.eus 2019ko ots. 12a, 13:32

Bolada onean da Iraurgi SBko Juaristi ISB taldea. Izan ere, joan zen asteburuan Tormesi 40 eta 71 irabazi ostean, Urrezko LEB ligarako igoera faserako sailkatu da gizonezkoen taldea. Txartela eskuraratuta, "gustura" da Lolo Encinas taldeko entrenatzailea.

Urrezko LEB ligarako igoera faserako sailkatu zarete. Denboraldiko helburuetako bat bete al duzue?

Bai, aurtengo sasoiko asmoetako bat zen fase horretarako sailkatzea. Horretarako ilusioa genuen, eta beraz, lehenengo helburua behintzat bete dugu.

Nola jokatuko duzue igoera fasea?

Aurrenekoz, Zilarrezko LEB liga bi multzotan banatu dute, eta igoera fasean beste multzoko sei talderen kontra jokatuko dugu. Joaneko eta itzuliko partidak jokatuko ditugu bakoitzaren aurka, eta beraz, guztira, hamabi norgehiagoka izango dira.

Horrez gain, gure multzoko beste taldeekin jokatutako partiden emaitzek ere eragingo dute igoera fasean. Aste honetan, gure multzoan dagoen Navarra taldearen aurka dugu partida. Biok gaude sailkatuta igoera faserako –Navarra sailkapeneko lehenengo postuan dago–, eta beraz, bi taldeok igoera faseko lehenengo partida gisa hartuko dugu zapatuko norgehiagoka. Igoera faseko ondorengo partidak honako talde hauen kontra jokatuko ditugu: Real Murcia Baloncesto, HLA Alicante, Basket Girona, Isover Basket Azuqueta, CB Villarrobledo eta Afanion CB Almansa. Horrek esan nahi du urrutirago joan beharko dugula jokatzera. Gainera, orain arte ez dugu talde horietako inoren aurka jokatu, eta ikusi egin beharko da zer maila duten. Guztira, hiru talde igoko dira Urrezko LEB ligara; sailkapenean lehenengo postuan geratzen dena zuzenean igoko da mailaz, eta ondorengo laurek play-off-ak jokatuko dituzte.

Zer aukera du Juaristi ISBk mailaz igotzeko?

Igoera fasea jokatzeko ilusio handiarekin gaude. Azken zazpi partidetatik sei irabazi ditugu, eta dinamika onean gaude. Taldea oso gaztea da, baina denboraldian zehar hazten joan da. Azkoitian zein Azpeitian ere ilusioa nabari da, eta ikusten dugu harmailetan gero eta jende gehiago egoten dela eta giro ederra izaten dela. Egia da ez dakigula beste multzokoek zer maila duten; Girona eta Alicante urte askoan ACB ligan lehiatutako taldeak dira, eta diru asko duten klubak dira horiek. Ikusiko dugu nola lehiatu gaitezkeen haien aurka, baina ilusioa behintzat badugu, eta borrokatzeko prest gaude. Gustatuko litzaiguke, gutxienez, play-off-ak jokatzera iristea, eta Azkoitiko eta Azpeitiko herritarrek partida horiek ikusteko ilusioa izatea. Zaila izango da, baina saiatuko gara lortzen.

Iazko denboraldian Urrezko LEB ligan jokatu zenuten, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordio batera iritsi ondoren. Aurten, mailaz igoz gero, zer aukera izango luke Juaristi ISBk Urrezko LEB ligan lehiatzeko?

Nahiago nuke Urrezko LEB ligarako plaza bat lortuko bagenu, eta gero Xubik-eta [Jose Luis Zubizarreta] egin dezatela borroka erakundeekin. Ur handiko arrainen kontuak dira horiek [barreak]. Egia esan, ez dakit kasu horretan zer gertatuko litzatekeen, baina orain ahaztu egingo gara horretaz; gure helburua da igoera fasean ahalik eta ondoen lan egitea eta, ahal bada behintzat, plaza lortzea.

Gustura al zaude Juaristi ISB taldea gidatzen?

Joan zen udan esan nuen: taldea Urrezko LEB mailatik jaitsi ondoren klubak taldearen entrenatzaile izaten jarraitzeko apustua egiteak asko esaten du. Mailaz jaistean, normalena da talde horren entrenatzailea aldatzea, baina klub honek emaitzak baino egindako lana lehenesten du. Beraz, aintzat hartua sentitzen naiz hemen. Aurreko urtean baino gehiago ari gara gozatzen, gainera. Aurtengo liga desberdina da, eta gure taldea ere halaxe da. Jokalari oso gazteak daude, eta Gipuzkoako gazte asko jokatzen ari direla ikusteak poztu egiten nau. Iazko liga polita bezain gogorra izan zen, eta aurten, partida gehiago irabazten ari gara; pentsa, dagoeneko hamahiru partida irabazi ditugu, eta iaz, liga osoan hamabi irabazi genituen. Irabaztea beti da gustagarria, eta aurten horixe nahi genuen: ilusioa sortzea eta partidak irabaztea. Hori lortzen ari gara, eta oso pozik nago. Orain, gehiago estutu beharko dugu, igoera fasean maila altua izango dugulako aurrez aurre. Baina taldearen egoerarekin oso pozik nago. Maitatua sentitzen naiz hemen.