Erbestean hil zen Patxi Zaldua oroituko dute igandean Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko ots. 13a, 11:26
Patxi Zaldua artxiboko irudi batean.

Azkoitian jaioa, hainbat urtez Azpeitian bizi izan zen. Auto istripuz hil zen Zaldua 1992an, Brasilen. Haren gertukoek eta lagunek ekitaldia egingo dute igandean Enparan dorretxean, 12:30ean hasita. Azpeitiko ezker abertzaleak ekitaldia babestu du.

Patxi Zaldua 1992an Brasilen hil zen Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea oroituko dute igandean Azpeitian, Enparan dorretxean. Haren lagunek eta kideek antolatu dute ekitaldia, Azpeitiko ezker abertzalearen babesarekin, eta 12:30ean hasiko da. Txalaparta doinuekin hasiko dute ekitaldia, eta ondoren Iñaki Egaña historialariak hartuko du hitza. Musikarentzat tartea ere izango da, eta ondoren Zalduaren senideek sostengua jasoko dute.

Zaldua Azkoitian jaio zen 1959. urtean, eta Azpeitian ikasi zuen eta bertan bizi izan zen. Euskadiko Gaztedi Abertzaleen Mugimenduko (EGAM) eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko militantea izan zen, eta ondoren Azkoitiko Komando Autonomo Antikapitalistan sartu zen. 1980an erbestera joan zen, Txetxu Ugarterekin batera –gaur egun Venezuelan bizi da Ugarte–. Hendaian bizi izan zen Zaldua urtebete inguruz, eta 1981ean Ziburun atxilotu zuten, Komando Autonomo Antikapitalisten aurkako operazio baten barruan. Tolosako (Okzitania) eta Marsellako (Frantzia) espetxean igaro zituen bi hilabete, eta Anguleman (Brasil) konfinatu zuten. Ondoren, Baionara itzuli zen, eta han Agustin Otaegi beizamarrarekin eta Jose Zabala azkoitiarrarekin bizi izan zen.

GALen atentatuak eta atxiloketak tarteko, 1987an Frantziatik ihes egin zuten Zalduak eta haren familiak. Hain zuzen ere, urte hartako abenduaren 31n Parisera joan ziren, eta handik Pomerodera (Brasil). Bere ilobekin eta Mayi alabarekin furgoneta batean zihoala, istripua izanda hil zen Zaldua, 1992an. Bihotzekoak jota izan zuen auto istripua Zalduak, eta horma baten aurka jo zuten; bost urteko Mayi alaba ere istripuaren ondorioz hil zen. 33 urterekin hil zen Zaldua.

Ekitaldiaren antolatzaileek azaldu dutenez, urteetan sentitu dute Zalduari "agur eta ohore txikiena" ere egin gabe zeudela. "Hil egin zen, erbestean, klandestinitatean, alabarekin batera, baina ez genuen haren ingurukoen kontakturik. Ez genekien zein egunetan hil zen, ez genuen haren argazkirik. Oroimenean genuen, baina oinarri objektiborik gabe. Beti esan izan dugu agurrik esan gabeko militantea zela". Zalduaren lagun eta kide izandakoek Egaña historialariaren bidez lortu dituzte haren datuak, argazkiak eta senideen pistak, eta horiek azaldu dutenez, horregatik antolatu dute agurra.