Ostiralean hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Txapelketa, eta aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartuko dute. Guztira, lau kanporaketa egingo dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala Lasturren izango da apirilaren 5ean. Lau kanporaketetatik bina bertsolari sailkatuko dira finalera.
Urola Kostako 11 bertsolari ariko dira aurtengo edizioan kantuan, eta horietako bi azpeitiarrak dira: Imanol Albizu eta Iker Letamendia. Bi bertsolari gazte horiek martxoaren 1ean, ostiralez, Zestoako Lau Iturri elkartean egingo duten saioan kantatuko dute. Horiekin batera izango dira kanporaketan Oihana Arana, Uxue Alkorta, June Garmendia eta Igauri Lopetegi.
Lau saio horiek afari formatuan egingo dituzte, eta dagoeneko salgai daude afaritarako txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrerak saioaren aurreko ostegun eguerdira arte izango dira eskuragarri.