Hitzarekin jolas

Imanol Lazkano ('Bertsolari' aldizkaria) 2019ko ots. 12a, 11:02
(Bertsolari.eus)

Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarrak Bertsolari aldizkarirako idatzitako testua da honako hau. Otsailaren 8an argitaratutako zenbakiko artikuluan hitzarekin jolas egitea izan du hizpide Lazkanok.

Zalantzarik gabe, gizakiek elkar ulertzeko asmatua da hitza. Eta, horrela, menderik mende, hainbat hizkuntzatan jarraitzen dugu gure harremanetarako hizkuntzak erabiliz. Nik esango nuke, euskaldunok, elkar ulertzetik harago, jolaserako erabiltzeko joera ere izugarria izan dugula, batik bat baserri munduan elkarri entzundakoari, gure gurasoek esango zuten bezala, axkarkeria batekin erantzunez. Ezagutu dugu axkarkeria horretan ia-ia biziatuak zirela esateko moduko jendea. Eta niri oso polita egin zait, beti, horrelakoen inguruan ibiltzea.

Euskal Herriko baserritarrak hitzaren jolas horretan hain zaletuak zirela jakiteko bertsolaritzari begiratu besterik ez dago. Nire garaira arteko bertsolari denak baserritarrak ziren. Eskerrak gero, azken berrogeita hamar urte hauetan, bertsozaleek izan duten jarreraren eraginez, bertso eskolak sortu eta hartu duen indarra, bestela, baserriaren beherakadarekin batera, galera handia izan zezakeen.

Azpeitian bada Izarraizpe deitzen diogun auzune bat eta hango gizona bere idiekin soroan ari zela hurbildu zaio kaleko bere lehengusu bat, hain zuzen haurtzarotik zuen elbarritasun batengatik ibiltzeko nahiko arazo zituena, gerezi batzuk jateko asmoz zetorrela esanez, eta hurbilen eta beretzat erosoen izan zitekeen gerezi arbola erakutsi zion, gereziak lasai jan zitzan. Orduan, gizonak haren ezina ezaguturik, hari begira zebilela, han ikusten du zilipurdika pendizean behera erortzen. Hurbildu zaio, min hartu duelakoan, eta eroritakoak esaten dio:

            –Lasai, lasai, ez diat minik hartu, aingeru guardakoak lagundu zidak eta!

            –Koño! Biok al zineten, ipurdiko makalagatik jaitsi zarete.

Baserritar horren beste lehengusu batek, hura ere axkarkeria zalea, topo egiten du bere lagun batekin, besteetan baino irribarre gehixeago aurpegian, aurreko astean jarri zituen hortz berriak erakustearren, eta orduan esaten dio:

            –Joño! Hortz berriak jarri al dituk?

            –Bai.

            –Ta zer moduz dauzkak?

            –Oso ondo, neureak bezalaxe.

            –Oraindik ordaindu gabe dauzkak orduan?

Ordaindu balitu bereak izango zituen noski.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen, Bertsolari.eus webgunean.