Ibaiaren egoerarekin "oso kezkatuta"

Uztarria.eus 2019ko ots. 11a, 13:32

Herritar batek Uztarriari bidalitako irudiak dira honako hauek. Azpeitiko zenbait txokotan –Lasao parean eta Zelai Luze inguruan– Urola ibaiak duen itxura erakutsi nahi izan du argazkiok Uztarriara bidali dituen herritarrak. Haren hitzetan, "zabor ugari" pilatzen da ibai ertzetan zein sasi artean, eta horregatik "oso kezkatuta" dagoela azpimarratu du. Horrez gain, herritarren "utzikeria" salatu nahi izan du: "Zerbait egin behar dugula iruditzen zait. Zaborra ikusi eta beste aldera begiratzen dugu, hondakinak bere kabuz desagertuko diren ustean". 

Ez da gaiaren inguruan jasotako kexa eta kezka bakarra. Gorka Alberdi ekologista azkoitiarra aspaldidanik ari da salatzen Urola ibaiko urak zikin datozela. Alberdiren hitzetan, ibaiaren zikinkeriaren arazoari aurre egiteko "tresna bakarra" heziketa da.

Azpeitiko ikastetxeetako hainbat ikaslek eta Baigerako kideek elkarlanean garbitzen dute Urola ibaia urtero, Agenda 21 egitasmoaren barruan.