ETB1en 'Bostekoa' saioan publiko gisa agertzera joateko autobusa antolatu dute

Uztarria.eus 2019ko ots. 11a, 10:47

Euskal Herriko zortzi herritako taldeek pentlatoi txapelketak egingo dituzte saioan, eta horien artean Azpeitiak Errezilen aurka neurtuko ditu indarrak. Larunbatean grabatuko dute bi herrien arteko saioa, Mungian (Bizkaia). Herrikideak animatzera eta publiko gisa egotera joateko autobusa antolatu dute, eta interesak duenak dagoeneko eman dezake bidaiarako izena.

ETB1ek Bostekoa programa estreinatuko du hilaren 21ean, osteguna, eta Euskal Herriko zortzi herritako taldeak nor baino nor arituko dira herri kirol probetan. Saioetako batean, Azpeitiak Errezilen aurka neurtuko ditu indarrak, eta hango grabaketan publiko gisa egotera eta herrikideak animatzera joateko autobusa antolatu du EITBk.

Hilaren 16an, larunbatez, 11:30etik 15:00etara artean grabatuko dute bi herrien arteko saioa, Mungian (Bizkaia), eta hara joango dira autobuserako izena ematen dutenek. Hain zuzen ere, hainbat modutan eman daiteke izena: telefonoz, 650 50 30 01 zenbakira deituta; posta elektronikoz, bostekoa2018@gmail.com helbidera idatzita; edo Errezilgo Borondegi tabernan nahiz Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Orkatz kultur elkartean, Izt-n eta Mendizabal tabernan. EITBk herritar guztiak animatu ditu izena ematera, eta grabaketan jatekoa zein edatekoa egongo dela jakinarazi du.

Aitor Zubietak aurkeztuko du saioa, eta han parte hartzen dutenek pentlatoi txapelketa egingo dute: hain zuzen ere, sokatiran, harri jasotzen, txingak eramaten, trontzan eta giza probetan arituko dira.