Kataluniako buruzagi independentistei babesa adierazteko, elkarretaratzea egingo dute bihar

Uztarria.eus 2019ko ots. 11a, 11:28

Kataluniako prozesu subiranistan jokatutako rolagatik auziperatuta dauden buruzagi independentisten aurkako epaiketa bihar hasiko da, Espainiako Auzitegi Gorenean. Bihar, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute plazan, Azpeitiko Gure Esku Dagok deituta.

Bihar, asteartea, hasiko da Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa. "Erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa bat" izango da, Gure Esku Dago dinamikak salatu duenez. Gertaera salatzeko eta auziperatuei elkartasuna adierazteko, Euskal Herrian hainbat mobilizazio antolatu dute. Azpeitian ere egingo dute elkarretaratzea, Azpeitiko Gure Esku Dagok deituta. 19:00etan egingo dute mobilizazioa, plazan. Gure Esku Dagok herritar guztiei dei egin die bertaratu daitezen.