Gazte antolakundearen 40. urtemuga ospatzeko ekitaldietan parte hartzera deitu dute

Uztarria.eus 2019ko ots. 9a, 14:27
Atzo iluntzean egindako ekitaldia, Azoka Plazan. (Argazkia: Ernai)

Gazte antolakundeak 40. urte betetzen dituela eta, urte hauetan guztietan bertan parte hartu dutenek ekitaldia egin zuten atzo Azoka Plazan. Ekitaldi horren bidez, Ernaik eta Aitzinak apirilerako Lemoan antolatu duten topagunean parte hartzera deitu zuten, baita martxoaren 16an egingo duten Askatasun Bulkaden Egunean ere.

Aurtengo urtea "oso berezia" izango dela nabarmendu zuten atzo Azoka Plazan egindako ekitaldian, "gazte antolakundeak 40 urte beteko dituen urtea delako". Horren harira, Ernaik eta Aitzinak antolatu dituzten topagune eta ekitaldietan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Urte hauetan guztietan gazte antolakundean zein mugimenduetan parte hartu izan duten hainbat lagun bildu zen atzoko ekitaldian. Aurretik ibilitakoei beren lana aitortu eta eskerrak eman zizkieten, "eskerrik asko! Gure oraingo lanaren eredu izan zarete. Zuen lanaren eta ahaleginari esker gaude gu gaur hemen. Zuek bere garaian hasi zenuten borrokak darrai. Urtez urte, proiektuz proiektu, eskuz esku dirauen borroka da gurea".

Urte guzti hauetako bidea "erraza ez dela izan" adierazi zuten, baina bidean aurrera egiteko "indar guztiarekin" jardungo dutela nabarmendu. Askotariko erronkak dituztela, eta "herria eta Euskal Herria hobetzeko" eguneroko lanean jarraituko dutela: "Jarrai dezagun denok batera lanean, Euskal Herri sozialista, independentista eta feminista bat lortzeko. Bakoitzaren aletxoari garrantzia emanez, pausoz pauso, gure helburuak bete arte. Irtenbidearen garaia delako, irribarre egiteko garaia delako, irabazteko garaia delako, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera ekarri arte lanean jarraituko dugu".

Gazte antolakundearen 40. urtemugarekin lotuta hainbat ekitaldi antolatu dituzte Ernaik eta Aitzinak eta horietan parte hartzera deitu zuten. Esaterako, apirilaren 19tik 22ra topagune "erraldoia" prestatu dute, egun horietarako egitarau "oparoa" antolatuz: "Hitzaldiak, ikastaroak, mahai inguruak, ekitaldiak eta kontzertuak, besteak beste". Sarrerak eskuragai jarri dituzte Orkatzen.

Topagunearen aurretik, baina, Askatasun Bulkaden Eguna egingo dute, martxoaren 16an (larunbata). "Momentuz, egun hori hitzaldiarekin, bazkariarekin eta kontzertuekin osatuta dagoela aurreratu dezakegu". Kasu horretan, bazkarirako txartela erosi beharko da, baina oraindik ez dituzte saltzen jarri.

Lizeaga sagardotegiko urteroko bazkaria ere izango da aurten. Sagardotegiko irteeran parte hartzeko izen-ematea Orkatzen dute jarrita.

Horren guztiaren berri ematearekin batera, ostegunean Araban ezker abertzaleko bi gazte atxilotu izana salatu eta haiek libre uzteko eskatu zuten. "Galder [Barbado] eta Aitor [Zelaia] atxilotu zituzten eta espetxeratuak izan dira. Beste behin, euskal gazteria Espainiako Audientzia Nazionalerako bidean aurkitzen da. Espainiako erregimenak Euskal Herriarentzako daukan eskaintza bakarra espainolista atzerakoia da, eta hori inposatzeko mekanismo guztiak jarriko ditu Espainiako Estatuak. Baina gurekin jai dute, ez gaituzte geldituko".