Pilotazaleek gozatua hartu dute Izarraitzen

Uztarria.eus 2019ko ots. 9a, 13:18

Eskuz Binakako Txapelketa Nagusia eta Promoziokoa Azpeitira iritsi ziren atzo eta herriko zein inguruetako pilotazaleek ez zuten gustuko ikuskizunaz gozatzeko aukerarik galdu. Ez zen bete Izarraitz pilotalekua, baina jende asko batu zen harmailetan, jaialdiko bi partidak ikustera.

Lehendabizikoan, Jon Alberdi azpeitiarrak eta Erasunek ezin izan zuten Promozio mailan bigarren garaipena erdietsi; Ugaldek eta Jaunarenak 22 eta 15 irabazi zuten. Gaueko partida nagusian, berriz, gozatua hartzeko modua izan zuten zaletuek: Ezkurdiak eta Ladis Galartzak 22 eta 21 gainditu zituzten Irribarria eta Zabaleta, eta horrenbestez, bizirik jarraitzen dute txapelketan.