Iraurgi Saskibaloiaren maskotak badu izena: Urgi

Uztarria.eus 2019ko ots. 8a, 13:15

Klubak bere ikur izango den otsoaren izena aukeratzeko galdetegia egin du Interneten. Hiru izen jarri zituzten aukeran, eta inkestan parte hartu dutenen %65ek egin du Urgiren aldeko hautua. Orain, "maskotari bizia eman" nahi diote: partidetan Urgi izateko prest dauden herritarren bila ari dira Iraurgikoak.

Urgi. Izen horrekin "bataiatu" du Iraurgi Saskibaloiak klubaren maskota berria. Otsoa da Urgi, eta "otsailean, otsoen hilean, jaio eta bataiatu" dute maskota berria Iraurgikoek.

Klubak bere ikur izango den otsoaren izena aukeratzeko galdetegia egin du Interneten. Hiru izen jarri zituzten aukeran, eta inkestan parte hartu dutenen %65ek egin du Urgiren aldeko hautua. Guztira, 728 boto jaso dituzte galdetegian; Koxk eta Bihurri ziren Iraurgik aukeran jarritako beste bi izenak.

Urgi izateko aukera

Maskotari izena jarrita, etxeko partidetan hari bizia emango dion jendea topatzea da Iraurgik emango duen hurrengo pausoa. Horretarako ere Internetera jo dute; eskaera orri bat sortu du klubak, maskotaren barruan sartu eta partidak girotzen aritzea nahi dutenek beren datuak eman ditzaten.

"Gure eguneroko dinamikan txertatzeko maskotari bizia eman behar diogu. Eta bizia emateko zure laguntza behar dugu. Aktore sena baduzu, Urgiri zure ukitua eman nahi badiozu, Urgi izan eta Urgi sentitu nahi baduzu, orain duzu zure aukera", diote arduradunek eskaera orrian.