Iñigo Arregi: "Balioak lantzeko erreminta izan behar du futbolak”

Gipuzkoako Hitza 2019ko ots. 8a, 11:31
Iñigo Arregi (Aitziber Arzallus)

Azpeitiko futbol taldeak 75 urte beteko ditu aurten, eta urte guztirako ospakizun egitaraua prestatzen ari dira. Futbolari lotutako ekitaldiez gain, bestelakoak ere antolatuko dituzte, herritar guztiek parte har dezaten. Gipuzkoako Hitzak elkarrizketa egin dio Iñigo Arregi taldeko presidenteari.

2019a urte berezia izango da Azpeitiko Lagun Onak futbol taldearen bueltan ibiltzen diren guztientzat, eta, nola ez, baita Iñigo Arregi klubeko presidentearentzat ere (Azpeitia, 1967). Taldeak 75 urte beteko ditu aurten, eta merezi duen bezala ospatzeko asmoa dute. Urte guztirako egitaraua prestatzen ari dira, era guztietako ekitaldiekin. Futbol zelaitik herrira zabaldu nahi dituzte ospakizunak, eta, ospakizun horien aitzakian, ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dute. “Futbola, gure pasioa izateaz gain, besteengana hurbiltzeko bitarteko aproposa ere bada, eta, aurten, futbola eta urteurreneko ospakizunak baliatu nahi ditugu herritarrengana eta herriko gainerako elkarteetara gerturatzeko”.

Futbola bihotzean, balioak zelaian leloa aukeratu duzue urteurrena ospatzeko. Zergatik?

Lelo bat aukeratu beharra geneukan, eta iruditu zitzaigun lelo horrek oso ondo adierazten duela gure filosofia: futbola daramagu bihotzean, guretzat dena baita futbola, baina uste dugu balioak lantzeko erreminta ere izan behar duela futbolak; gaztetxoekin ari garenean, batez ere.

Zeintzuk dira balio horiek?

Futbol eskolan, 9 urteko neska-mutilekin hasten gara lanean. Beraz, haien heziketaren arduraren parte bat daukagu. Saiatzen gara irakasten garrantzitsua dela ahalegintzea, lehiatzea eta borrokatzea, baina badirela horiek baino gauza garrantzitsuagoak ere; adibidez, kirola egitea bera, taldean aritzea, gainontzekoak errespetatzea eta ondo pasatzea. Adin horietako gaztetxoek irabazten eta galtzen ikasi behar dute, eta emaitza ez dela inporta duen bakarra, hori ere ikasi behar dute. Gure helburua izaten da, irabazi edo galdu, denak ondo pasatu izanaren sentipenarekin joatea etxera. Horrek ez du esan nahi zelaira lehiatzera eta irabaztera ateratzen ez garenik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.