Martxoaren 8an

Azpeitiko emakumeak ere hasi dira Martxoaren 8a antolatzen

Uztarria.eus 2019ko ots. 7a, 17:08

Euskal Herriko Mugimendu Feministak  24 orduko greba deitu du Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, eta tokian tokiko asanblada feministak mobilizazioak prestatzen hasi dira jada. Azpeitian atzo, otsailak 6, egin zuten Martxoaren 8a antolatzeko aurreneko batzarra, Baigerako aretoan. Adin ezberdinetako dozenatik gora emakume elkartu ziren aurreneko bilkuran, eta batzarrari ekiteko iaz Emakumeen Nazioarteko Egunean burututako ekintzen balorazioa egin zuten. Iazko irakaspenak kontuan hartuta, datorren Martxoaren 8ko plangintza prestatzen hasi ziren elkarrekin. Behin behineko egitaraua prest dute jada, eta "ezustekorik" ez badago, hurrengo astean egitaraua itxiko dutela aurreikusten dute. 

Martxoaren 8a antolatzen jarraitzeko hurrengo batzarra otsailaren 14an egingo dute, 19:00etan hasita, Baigerako aretoan. Herriko hainbat eragiletako emakumeak izan ziren atzoko bilkuran, baina baita eragileetako kideak ez diren lagunak ere. Basanderiek asanblada feministak gogoratu du bilerak irekiak direla, eta, bide batez, dei egin die adin guztietako emakumeei Martxoaren 8a antolatzera anima daitezen. Era berean, herritarrak Emakumeen Nazioarteko Egunean mobilizatzera deitu dituzte. 

Grebaren aldarriak 

Aurten, Heteropatriarkatu kapitalistari planto. Bizitzak erdigunean! lelopean egingo dute Martxoaren 8ko greba. Basanderiekek azaldu duenez, "bizitzako esparru guztietako zapalkuntzak identifikatzeko eta eraldatzeko" pausoak eman nahi dituzte grebarekin. "Soldatapeko zein doako lanak, sexualitatea, kontsumo eredua, jakintza ekoizteko erak, edertasun eredua, familia ereduak... Bizitzak erdigunera eraman nahi ditugu eta horretarako alboratuok heteropatriarkatu kapitalistari planto egingo diogu. Era berean, baita kolonialismoari eta kapazitismoari ere", azaldu du Basanderiek asanbladak. 

Aurten pentsionistek, ikasleek, zaintzak, enpleguek eta kontsumoak "presentzia berezia" izango dute grebaren deitzaileen aldarrikapenetan. Eskaera "nagusia", baina, "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa" izango dela adierazi du Basanderiekek. Grebaren protagonistei ere egin die erreferentzia asanbladak: "Grebaren subjektua, emakume* bezala izendatuko dugu emakume hitzak ez dituelako heteropatriarkatuak zapaldutako pertsona guztiak barnebiltzen. Horren adibide dira transek eta bollerek jasaten duten zapalkuntza".