Ahal Duguk ez du talderik aurkeztuko Azpeitiko udal hauteskundeetara

Uztarria.eus | Politika
2019ko ots. 7a, 13:00

Ahal Duguk ez du zirkulorik –horrela deitzen dio alderdiak herrietako taldeei– Azpeitian, eta horregatik ez dute aurkeztuko talderik udal bozetan. 2015eko udal hauteskundeetara ere ez zen aurkeztu Ahal Duguren bueltako plataformarik. Zarauzko Udalerako hautagaien zerrendan bada azpeitiar bat: Ieltxu Caballero.

Ahal Duguk ez du talderik aurkeztuko Azpeitiko udal hauteskundeetara, Uztarria.eus-ek egiaztatu ahal izan duenez. Ahal Duguk ez du zirkulorik –horrela deitzen dio alderdiak herrietako taldeei– Azpeitian, eta horregatik ez dute aurkeztuko talderik udal bozetan.

2015eko udal hauteskundeetara ere ez zen aurkeztu Ahal Duguren bueltako plataformarik, baina 2015az geroztik, Gipuzkoako, Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz Espainiako bozetan Ahal Dugu-ren aldeko boza emateko aukera izan zuten herritarrek; hain zuzen ere, 2015eko foru bozetan 245 boto lortu zituen Ahal Duguk Azpeitian; 2015eko Espainiako hauteskundeetan, 1.006; 2016ko Espainiako bozetan, 1.116; eta urte hartako EAEko hauteskundeetan, 407.

Azpeitian ez, baina Zarautzen nahiz Eibarren, adibidez, udal bozetan aurkeztuko ditu hautagaien zerrendak Ahal Dugu-k –beste indar batzuekin koalizioan–, eta Zarauzko Udalerako hautagaien zerrendan bada azpeitiar bat: Ieltxu Caballero. Oraindik primarioak egin ari dira, baina Caballerok Uztarria.eus-i jakinarazi dionez, datorren iganderako espero dute zerrenda prest izatea.

Azpeitian, oraingoz, bi alkategai aurkeztu dituzte: EH Bilduk Nagore Alkorta eta EAJk Amaia Etxeberria. 2011tik EH Bildu dago Udal Gobernuan, eta Eneko Etxeberria da alkatea.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu