Bieito Romero: "Izugarria da Galizian sortzen ari den folkaren kalitatea"

Uztarria.eus 2019ko ots. 8a, 10:00
Bieito Romero. (Argakia: Manuel Lopez)

Galiziako Luar Na Lubre folk taldeak Azpeitian aurkeztuko du Ribeira Sacra izeneko azken diskoa. Bieito Romero (Coruña, Galizia, 1964) da taldeko liderra, eta bihar eskainiko duten emanaldia "berezia" izango dela dio.

Zerk egiten du berezi Ribeira Sacra diskoa, Luar Na Lubrek kaleratutako gainerako hamazazpi diskoekin alderatuz gero?

Uste dut emozionalki indartsuagoa eta sakonagoa dela. Gainera, artista askoren kolaborazioak izan ditugu azken lan honetan, eta horiek asko jantzi dute lana. Musika estilo ugaritako ahotsek protagonismo berezia dute lanean. Esaterako, diskoan jaso ditugu ehundik gora urte dituen De Ruada izeneko koralaren doinuak, Galiziako Maria Xose Silvar (SES) eta Asturiasko Marisa Valle Roso abeslarien ahots eklektikoak, Astarot taldeko Xoan Antepazo abeslariaren heavy metal doinuak eta Victor Manuelen aparteko ahotsa. Horiek dira diskoa berezi egiten dutenak.

Lana Ourenseko Ribeira Sacrari aitortza egitera dator. Zer dela eta?

Galiziako eskualde bat da Ribeira Sacra, eta, gure aburuz, leku berezi bezain liluragarria da, arrazoi askogatik. Besteak beste, ikuspegi historikotik, ekologikotik eta duen espiritu-indarragatik. Gainera, badago historiaz eta kondairaz jositako lur hauetara lotzen gaituen familiarteko tradizio bat ere. Horren kuttuna dugun lekuari aitortza egitea nahi izan dugu diskoari eskualdearen izena jarrita.

Zein gai jorratzen dituzte diskoan jaso dituzuen 11 abestiek?

Denetarik kontatzen dute. Alde batetik, egunerokotasunean ohikoak diren gaiak jorratzen dituzten kantuak daude, tradizioari lotutakoak. Bestetik, historian jazotako egiazko gertakizunak kontatzen dituzten abestiak sortu ditugu. Esaterako, Esgoseko gizotsoaren istorioaz hitz egiten du abesti batek eta Alfonso X. Erregearen Santa Mariako kantigen inguruan beste batek. Bertan hazi zen Alfonso X.a, eta bertan ikasi zuen galegoz hitz egiten eta idazten. Halaber, zenbait abestitan mahastizaintzari egin diogu erreferentzia. Izan ere, Miño eta Sil ibaien ertzetan dauden lur eremuetan mahasti ugari daude, eta Galizian nekazal tradizio handia dago horren bueltan.

Ibilbide luzeko nahiz tradizio handiko taldea da zuena. Zein da 30 urtez musikaren munduan bizirauteko sekretua? Zerk ematen dio Luar Na Lubreri lanean jarraitzeko indarra?

Barne energia askoko taldea gara; indartsua eta oso orekatua. Argi dakigu zein den jarraitu nahi dugun bidea. Baina gainerako indarra egiten dugun lana biziki maitatzeak eta entzuleek erakutsitako babesak ematen digu. Haiek gabe zaila litzateke.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.