Ezkurdia-Ladis Galartza eta Irribarria-Zabaleta bikoteek aukeratu dituzte ostiralerako pilotak

Uztarria.eus 2019ko ots. 6a, 19:30

Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bat jokatuko dute ostiralean, otsailak 8, Azpeitian. Ezkurdia-Ladis Galartza eta Irribarria-Zabaleta bikoteak nor baino nor ariko dira Izarraitz pilotalekuan. Gaur, pilotari horiek Azpeitian izan dira, ostiralerako pilotak aukeratzen. "Gustura" atera dira. Ezkurdiak eta Ladis Galartzak 106 gramoko pilota bat eta 106,4 gramoko beste bi aukeratu dituzte. Irribarriak eta Zabaletak, berriz, 105,8 gramoko pilota bat, 106,2 gramoko beste bat, eta 106,6 gramoko beste bat. Ezkurdiak eta Ladis Galartzak pilota biziagoak aukeratu dituzte; Irribarriak eta Zabaletak, aldiz, lasaixeagoak.

Irribarria-Zabaleta bikoteak askoz ere panorama hobea du finalerdien atarian. Izan ere, lehen ligaxkan zazpi partida irabazi dituzte; Ezkurdiak eta Ladis Galartzak, berriz, lau. Partida irabaziz gero, zuzenean finalerdietara sailkatuko dira Irribarria eta Zabaleta; Ezkurdiak eta Ladis Galartzak galduz gero, ezingo dute finalerdietara sailkatu.

Dena den, partida “konplikatua” aurreikusten du Irribarriak, "zalantzarik gabe". Aukera gehiago izan arren, Aramako pilotariak argi adierazi du beren jokoa egin beharko dutela neurketa irabazteko: "Aurrena eman egin beharko diogu pilotari, eta gero, aurrean bukatzen saiatu. Ea aurreko astean bezala gauzak ondo ateratzen diren eta irabazten dugun". Ezkurdia "izugarrizko momentuan" dagoela adierazi du, eta "ahal den gutxien" utzi beharko zaiola jokoan sartzen. Hala ere, azaldu du "ondo" sentitzen direla, eta aurreko astean irabazita, "konfiantzarekin" daudela. "Ea txispa horrekin segitzen dugun".

Ezkurdiak badaki zaila dutela aurrera egitea. "Helburua da bizirik mantentzea, nahiz eta badakigun oso-oso zaila daukagula. Partida irabazita ere, emaitzen zai gelditu beharko genuke". Haren nahia da ostiralean "partida on bat egitea" eta txapelketan lehiatzen jarraitzea. "Bikote zaila daukagu aurrean, baina gure lana ondo egiteko intentzioarekin etorriko gara". Norgehiagokan erritmoa jartzen saiatuko dela azaldu du Arbizuko (Nafarroa) pilotariak. "Jokoa aurrera eramaten saiatuko naiz. Sentipen onekin eta gustura nabil, nire buruarekin gustura gelditu ez naizen pare bat partida aparte utzita". Hark nabarmendu du aukerak dauden bitartean, borrokan jarraituko dutela.

Aimar lesionatu da

Berri txar bat jaso du gaur Binakako Txapelketak: Aimar Olaizolak ez du gehiago jokatuko aurtengo ekitaldian. Aurrelari goizuetarrak lesioa du eskuin hankako kuadrizepsaren zurdan, eta medikuen arabera, lau hilabete inguru beharko ditu berriro jokatu ahal izateko. Beraz, Axier Arteagak ordezkatuko du txapelketan. Olaizola II.a txapelketa ona egiten ari zen Jon Ander Albisurekin; lehen ligaxkan, zazpi partida irabazi dituzte. Hala, ondo bideratuta zuten finalerdietako ligaxka jokatzea. Irribarriak nahiz Ezkurdia pena azaldu dute Aimarren lesioa tarteko, txapelketa ona egiten ari zelako.

Ostiralean Azpeitian egingo den jaialdia Ilunpe pilota elkarteak antolatu du, eta 22:00etan hasiko da. Bi neurketa ikusteko aukera izango da Izarraitzen; izan ere, txapelketa nagusiko partidaren aurretik Promozio Txapelketari dagokion beste neurketa bat jokatuko dute, eta norgehiagoka horretan izango da Jon Alberdi. Aurrelari azpeitiarrak Ugalderen eta Tolosaren kontra jokatuko du, Erasun bikote duela.

Sarrerak salgai daude oraindik www.entradasfronton.com webgunean. Kantxako sarrerak 25 euro ordaindu beharko dira, eta gradakoak hogei euro. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak Izarraitz pilotalekuko lehiatilan; 18:00etan zabalduko dute.