Zerbitzua indartzea eta lanpostu berriak sortzea eskatu dute suhiltzaileek udalbatzarrean

Uztarria.eus 2019ko ots. 6a, 13:14
Atzoko udalbatzarreko irudia.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako plan estrategikoa betetzea eta parkeetako txandetako langile kopurua handitzea eskatzen dute suhiltzaileek. Atzoko udalbatzarrera bertaratu ziren Azpeitiko parkeko hiru kide; izan ere, EH Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten suhiltzaileen eskaerei lotuta. Udalbatza osatzen duten bi alderdiak ados agertu ziren Gipuzkoa Babestu 20_30 plan estrategikoarekin eta suhiltzaileen eskaerekin, baina EAJk hobekuntzak egiteko EH Bilduk eskatzen zuen prozedurarekin ez zuen bat egin. Horrenbestez, alderdi bakoitzak bere mozioa onartu zuen.

Joan zen ekainaren 13an onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek herrialdeko suhitzaileen zerbitzuari aplikatuko dioten Gipuzkoa Babestu 20_30 plan estrategikoa, eta horrez gain, 19 mozio ere onartu zituzten, tartean txosten horren garapenerako urteko ekintza planak egitea eskatzen zuena eta suhiltzaileen lan baldintzak hobetzea galdegiten zuena. 2019ko foru aurrekontuetan Aldundiak Gipuzkoa Babestu 20_30 plana garatzeko aurrekonturik ez duela jaso eta, suhiltzaileak Gipuzkoako parkeak kokatzen diren herrietako udalbatzarretara joaten ari dira; atzo Azpeitikoan izan ziren beren egoera azaltzen. Izan ere, EH Bilduren eta EAJren udal taldeek mozio bana aurkeztu zuten atzoko udal bilkuran.

Azpeitiko parkeko suhiltzaile batek hartu zuen hitza udalbatzarrean, eta beren egoeraren inguruko hainbat azalpen eman zuen. Gaur egun, funtzionario diren 204 suhiltzaile eta kabo daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren suhiltzaile zerbitzuan, eta langile horiek osatzen dituzte Gipuzkoako zortzi suhiltzaile etxetako –Eibar, Ordizia, Legazpi, Oñati, Tolosa, Zarautz, Irun eta Azpeitia– eguneroko txandak. Irunen sei laguneko lantaldeak osatzen dituzte txandak egiteko, eta gainerako guztietan lau lagunekoak.

Suhiltzaleen arabera, lau langilerena Europako legeek eskatzen duten gutxieneko kopurua da, eta askotan "ezbeharrek lagun gehiagoko taldea" eskatzen dute. "Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu onartuta dagoen plan estrategikoa betetzeko; izan ere, txanda bakoitzean lau langile izaten jarraitzen dugu, sei beharrean. Plana ona da, baina motel doa prozesua". Batzar Nagusiek onartutako planean jasota dagoenez, sei laguneko txandak osatzeko 84 suhiltzaile plaza berri sortu behar dira, eta horrek eskatzen du Lan Eskaintza Publikoa deitzea: "Aldundiak esan zuen lanpoltsa osatzeko Lan Eskaintza Publikoa egingo duela, baina azken oposaketan 25 lanpostu ziren jokoan, eta 26 langilek soilik gainditu zutenez, lanpoltsarik ez da gelditu".

Egoerari "berehalako erantzuna" ematea eskatu dute suhiltzaileek, behin-behinean txandak bost suhiltzailekoak izatea eskatuta. "Arazoa larri da, ordezkapenetarako lanpoltsa hutsik baitago. Erretiroa hartzear daude suhiltzaile asko, eta bajak ere geuk estali ditugu, suhiltzaile bakoitzak dituen 24 orduko poltsekin. Bost orduko txandak osatzeko 48 lanpostu berri sortu behar dira". Azpeitiko suhiltzaileen izenean hitza hartu zuen kideak argi hitz egin zuen: "Ez dugu nahi norbaiten desgraziaren batekin demostratu langile gutxi garela".

Udalbatza osatzen duten bi alderdiak ados agertu ziren Gipuzkoa Babestu 20_30 plan estrategikoarekin, eta Eneko Etxeberria alkateak eskerrak eman zizkien suhiltzaileei egiten duten lanagatik. Dena den, EH Bildu eta EAJ ez ziren bat etorri mozio bat onartzerakoan, eta bakoitzak bere testua aurkeztu eta onartu zuen. EH Bilduk eta EAJk Aldundiari eskatu zioten suhiltzaile zerbitzuan "hobekuntzak" egitea eta suhiltzaileek eskatu bezala "giza baliabideak hobetzea", baina EAJk hobekuntzak egiteko EH Bilduk eskatzen zuen prozedurarekin ez zuen bat egin; izan ere, koalizioak Aldundiari eskatu dio aurten Lan Eskaintza Publikoa deitzea eta 48 suhiltzaile lanpostu berri sortzea. Hori dela eta, alderdi bakoitzak bere mozioa aurkeztu zuen, eta biak onartu ziren testuetako bakoitza aurkeztu zuen udal taldearen aldeko bozekin.

Honako hau da EH Bilduk aurkeztutako mozioa:

"1.- Bat egiten dugu suhiltzaileen zerbitzua hobetzeko egin den Gipuzkoa 20_30 planarekin.

2.- Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu gure herrian suhiltzaileen kalitatezko zerbitzua izateko aurreikusitako neurri guztiak hartzeko. Alegia, 2019 honetan 48 suhiltzaile lanpostu berri sortzeko, parke guztietan, gutxienez, sei suhiltzaileko txandak bermatzeko.

3.- Hori bermatzeko Lan Eskaintza Publikoa ahalik eta azkarren egitea eskatzen dugu".

 

Honako hau da, berriz, EAJren mozioaren testua:

"1.- Azpeitiko osoko bilkurak bat egiten du suhiltzaileen zerbitzua hobetzeko burutu den Gipuzkoa 20_30 dokumentuarekin.

2.- Azpeitiko osoko bilkurak Gipuzkoako Foru Alundiari eskatzen dio suhiltzaileen zerbitzuak udalerrian kalitatezkoa izaten jarrai dezala eta aurreikusita dauden hobekuntza guztiak egin ditzala.

3.- Azpeitiko osoko bilkurak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio dokumentuan aurreikusita dagoen bezala, giza baliabi gehiago jartzea, eta horretarako, zerbitzuan adierazi diren Lan Eskaintza Publiko berriak garatzen jarraitzea.

4.- Azpeitiko osoko bilkurak, zerbitzu honek duen garrantziaz jabetuta, egon daitezkeen eztabaida eta ideia trukaketak modu egokian bideratzea eskatzen die agente guztiei, demagogia eta gehiegikeriak alde batera utzita".