Azpeitiko ondare soziokulturalaren mapa osatzeko proiektu parte-hartzaile bat jarriko dute martxan

Uztarria.eus 2019ko ots. 6a, 12:45
Kultur Memoriak egitasmoaren sustatzaileak, tartean Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Martxoan eta apirilean ondare horren mapa sortzeko parte-hartze prozesua gauzatuko dute, eta herritarrek sorkuntza formatu desberdinen bidez udalerria arakatu eta haren errealitate soziokulturala identifikatuko eta dokumentatuko dute. Horretarako, hainbat saio egingo dute herrian, eta proiektuaren sustatzaileen xedea da 15-20 laguneko taldea sortzea. Azpeitiko Udalak aurrerago emango ditu proiektuaren gaineko xehetasunak, eta orduan hasiko da boluntarioak bilatzen.

Memoria eta ondare soziokulturala jasotzeko asmoz Kultur Memoriak egitasmoa jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ekimenean parte hartuko duten herrien artean da Azpeitia. Hain zuzen ere, martxoan eta apirilean ondare horren mapa sortzeko parte-hartze prozesua gauzatuko dute, eta herritarrek sorkuntza formatu desberdinen bidez –bideoak, audioak, argazkiak, artxibo materiala, ibilbideak...– udalerria arakatu eta haren errealitate soziokulturala identifikatuko eta dokumentatuko dute. "Herriaren inguruko talde kontaketa bat osatuko dute, eta bildutako edukiarekin ibilbideak eta kultur mapak osatuko dituzte, herriaren memoria soziokulturala jasotzeko", azaldu du Aldundiak. Behin lan hori eginda, webgune batean jarriko dute eduki guztia ikusgai.

Azpeitian ez ezik, Eibarren eta Arrasaten ere gauzatuko dute proiektua, baina herri bakoitzean gai jakin batzuen bueltan osatuko dute mapa soziokulturala. Azpeitian, adibidez, Urola trenak herriaren garapenean izan duen eragina, herritarrek industriarekin izan duten lotura, ingurumena, festetako ohiturak eta Loiolak turismoan izan duen garrantzia landuko dituzte, horiek herrian izan duten garrantzia aztertzeko helburuz.

Horretarako, hainbat saio egingo dute herrian, eta proiektuaren sustatzaileen xedea da 15-20 laguneko taldea sortzea. Behin lantaldea osatutakoan, mapa osatzen eta narratiba digitalak nahiz edukiak sortzen irakatsiko diete parte-hartzaileei saioetan, eta horretarako sakeleko telefonoak erabiliko dituzte herritarrek. Lan saioek hamabi orduko iraupena izango dute. Lantaldeak sorkuntzan oinarritutako parte-hartze prozesuaren bidez aztertuko dute herria, eta jasotako dokumentazioarekin talde kontaketa osatuko dute.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, herritarrei eman behar zaie ahotsa, horiek direlako herriaren iragana bizi izan dutenak, sentitu dutenak eta oroitzapenak dituztenak. "Herriaren memoria herritarren memoriarekin, izenekin eta momentuekin kontatu behar da", azaldu du Azpeitiko alkateak.

Azpeitiko Udalak aurrerago emango ditu proiektuaren gaineko xehetasunak, eta orduan hasiko da boluntarioak bilatzen. Dena den, dagoeneko egitasmoaren gaineko informazioa eskuratu edo ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek info@kulturmemoriak.eus helbidera mezua idatzi edo 622 82 51 13 telefonora deitu dezakete.