Mikel Larrañagak Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finalerako txartela eskuratu du

Uztarria.eus 2019ko ots. 6a, 12:42
Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatu zuten atzo lehen finalaurrekoa. (Goierriko Hitza)

Beasainen jokatu zuten atzo Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako lehenengo finalerdia, eta azpeitiarrak Eneko Otaño beizamarra izan zuen lagun. Bikoteak minutu eta erdiko aldea atera zien Iñaki Azurmendiri eta Ugaitz Mugertzari, eta finalerako txartela eskuratu zuten. Martxoan 3an, Azpeitian jokatuko dute finala.

Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako lehenengo finalerdia jokatu zuten atzo, asteartea, Beasaingo Antzizar kiroldegian, eta han neurtu zituzten indarrak Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak eta Iñaki Azurmendik eta Ugaitz Mugertzak osatutako bikoteek. Guztira, lau proba jokatu zituzten, eta eskualdeko aizkolariek minutu eta erdiko aldea atera zieten Azurmendiri eta Mugertzari; hori hala izanik, finalerako lehen txartela eskuratu zuten Larrañagak eta Otañok. Martxoaren 3an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute finala.

Hilaren 17an, berriz, Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatuko dute Oñatin, eta Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Jon Rekondok osatutako bikoteak Iker Vizente eta Ruben Saralegiren aurka neurtuko dituzte indarrak. Egun horretan, gainera, harri-jasotzaileen Bi Harri Txapelketaren bosgarren jardunaldia ere izango da, eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna lehiatuko da han.