'Dantzagurea' ikuskizuna eskainiko dute Joseba Irazokik eta Idurre Azkuek igandean Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko ots. 8a, 13:54

"Kontzertu dantzatua" dela diote ikuskizuna sortu duten artistek. Emanaldia 19:30ean hasiko da. Sarrerak hiru eurotan jarriko dituzte salgai, leihatilan. Aurrez ere eskuragarri izango dira kulturaz.eus webgunean. 

Joseba Irazoki musikariaren eta Idurre Azkue dantzariaren Dantzagurea emanaldia izango da ikusgai igandean, hilak 10, Sanagustin kulturgunean. Emanaldiak esperimentaziotik edaten du, eta musika eta dantza uztartzen ditu. Izan ere, "soinuaren bibrazioak gorputzari nola eragiten dioten" aztertzen saiatuko dira Azkue eta Irazoki. Aldi berean, "mugimenduak berak espazioan nola egiten duen dar-dar, eta harengan zer arrasto uzten dituen" aztertzea dute xede. Dantzaria dantza garaikidearen klixe, estereotipo eta ohiko formetatik ihes egiten saiatuko da, eta hori gertatzen den bitartean eszenatokian hainbat tresna agertuko dira. Bi artistek elkar eraginez jardungo dute, mugimenduarekin bat eginez eta tresna horiekin soinua eginez, inprobisazioak lagunduta. Horrela definitzen dute ikuskizuna Dantzagurearen egileeak: "Josebak eskainitako kontzertu dantzatua. Idurrek dantzaturiko musika kontzertua". 

Dantzagurea emanaldia 19:30ean hasiko da. Sarrerak aurrez zein egunean bertan egongo dira salgai, hiru eurotan, lehiatilan zein Sanagustin kulturgunean.