Rojavan izandako brigadisten esperientziak ezagutuko dituzte bihar Gaztetxean

Uztarria.eus 2019ko ots. 8a, 12:57

Solasaldian hizpide izango dituzte Kurdistango Askapen Mugimendua, Rojavako iraultza, militantzia ereduak, Ekialde Hurbileko geopolitika eta antolakuntza moduak, besteak beste. Rojavan ikasitakoaren gaineko hausnarketak ere elkarbanatuko dituzte hitzaldira bertaratzen direnekin. Euskal Herrian zehar egin dute hitzaldi bira, eta Azpeitikoa izango da azken saioa. 

2018ko udan Euskal Herriko brigadista talde bat Kurdistango Rojava eskualdean izan zen, hango borrokak gertutik ezagutzen. Han jasotako irakaspenak Euskal Herrira zabaltzeko eta hainbat gairen inguruko hausnarketa irekitzeko hitzaldi bira antolatu zuten Iraultzatik ikasten izenburupean. Arrigorriaga, Hazparne, Gasteiz, Intxaurrondo eta Iruñea igaro ostean, Rojavan izandako brigadistek Azpeitiko Gaztetxean egingo dute azken geldialdia datorren larunbatean, otsailaren 9an. Solasaldia 11:00etan hasiko da.

Hitzaldian zehar hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola Kurdistango Askapen Mugimendua, Rojavako iraultza, militantzia ereduak eta antolakuntza moduak, Ekialde Hurbileko geopolitika eta Kurdistango emakumeen borroka. "Zein hausnarketetatik dator historikoki mugimendu kurdoak aldarrikatutako estatu propio baten gaur egungo ukapena? Zeintzuk dira XXI. mendeko iraultza batek dituen elementu garrantzitsuenak?"· Galdera horiek dira zapatuko hitzaldian mahai gainera aterako dituzten batzuk.