'Gu geu doluaren aurrean' hitzaldia izango da bihar Iraurgi Ikastetxean

Uztarria.eus 2019ko ots. 7a, 10:08

Doluan aditu den Patxi Izagirre psikologoak eskainiko du solasaldia, HHko eta LHko eraikineko areto nagusian. Hitzaldia irekia izango da, eta gaian interesa duen edonor hurbil daiteke bertara. 

Heriotzaren eta doluaren inguruko solasaldia eskainiko du ostiralean, hilak 8, gaian aditua den Patxi Izagirre psikologoak Iraurgi Ikastetxeko HHko eta LHko eraikineko areto nagusian. Gu geu doluaren aurrean izenburupean eskainiko du hitzaldia Izagirrek, 17:15ean hasita.

Heriotzak haurren zein helduengan "kezka eta beldurra" eragiten dituela uste dute hitzaldiaren antolatzaileek. Horregatik, heriotzari aurre nola egin ikasteko eta dolua modu "osasungarrian" lantzen ikasteko antolatu du hitzaldia Iraurgik. Gaian interesa duen orori zuzenduta dago solasaldia, eta doakoa izango da.