Herritar ugari izan da Matxinbentan, pilota partidekin eta herri kirol erakustaldiarekin

Uztarria.eus 2019ko ots. 3a, 15:09

Santa Ageda festetan murgilduta dabiltza ostiralaz geroztik Matxinbenta auzoan, eta gaur ere jai giroa izan da nagusi goiz eta eguerdi partean. Eguna hasteko, meza izan da auzoko elizan, eta dozenaka lagun bertaratu da elizkunera. Ondoren, umeentzako jolasak egin dituzte, eta segidan hasi dira Azpeitiko eta Beasaingo pilotarien arteko partidak. Hain zuzen ere, Ilunpeko eta Murumendi pilota elkarteetako gaztetxoek bi partida jokatu dituzte.

Pilota partidak bukatzean, berriz, herri kirol erakustaldia izan da. Hainbat lan egin diuzte Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak aizkoran, eta Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Mikel Lopetegi Urra aritu dira harrijasotzen. Saioa hasi aurretik giroa alaitzen aritu dira Itzeder eta Txibilter trikitilariak, eta giro ederra sortu da Matxinbentan.

Gaur ez dira bukatuko festak; izan ere, bihar, Santa Ageda bezpera, usadioari jarraituz matxinbentar hainbat santa eskean aterako da, Jon Gurrutxaga eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariekin eta Laja eta Izer trikitilariekin. Etzi izango da jaietako azken eguna, eta meza, hamaiketakoa eta otarrearen zozketa egingo dituzte.

Hona hemen, biharko eta etziko egitaraua:

Otsailak 4, astelehena, Santa Ageda bezpera

Auzotarrak santa eskean aterako dira, Jon Gurrutxaga eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariarekin eta Laja eta Izer trikitilariekin.


Otsailak 5, asteartea, Santa Ageda eguna

11:00. Meza.

Ondoren, jubilatuentzat hamaiketakoa.

Festei bukaera emateko bertako produktuz betetako otarrea zozkatuko dute.

Segidan, jaien amaierako suziriak.