Alaitz Badiolak Emakume Pilotari Txapelketako Bigarren Mailako finala jokatuko du

Uztarria.eus 2019ko ots. 2a, 10:50
Badiola artxiboko irudi batean.

Usue Zubizarreta bikote duela, Arteagaren eta Agirreren kontra neurtuko ditu indarrak. Finalaren eguna eta ordua ez ditu zehaztu oraindik Gipuzkoako Pilota Federazioak. Atzo Azpeitian jokatu zituzten txapelketako finalaurrekoak.

Emakumea Pilotari Txapelketako finalaurrekoak jokatu zituzten lau bikotek atzo, ostirala, Izarraitz pilotalekuan. 18:30ean hasita, bi partida jokatu zituzten: Bigarren Mailako finalerdia lehenengo, eta Lehen Mailakoa gero.

Usue Zubizarretak eta Alaitz Badiola azpeitiarrak Nagoren Aramendi eta Oihana Orbegozo azpeitiarren kontra neurtu zituzten indarrak Bigarren Mailako finalaurrekoan. Lehia oso estua izan zen horiek jokatutakoa; izan ere, behin baino gehiagotan izan zen parean markagailua. Partidaren bukaeran ere emozioa izan zen nagusi, 20-20 berdinduta iritsi baitziren amaierara. Azkenean, 22 eta 20 nagusitu ziren Zubizarreta eta Badiola. Jakinekoa zen azpeitiarren batek jokatuko zuela finala, eta Badiola izango da Arteagaren eta Agirreren aurkako finalean ariko den azpeitiarra.

Lehen Mailako finalaurrekoa, berriz, Nora Mendizabalek eta Maider Mendizabalek jokatu zuten Eneritz Arrietaren eta Amaia Araiztegiren kontra. Lehen tantoetan Arrietak eta Araiztegik hartu zuten aurrea markagailuan, baina berehala sartu ziren partidan Nora eta Maider. Partidaren erdi aldean nahikoa pareko aritu ziren bi bikoteak, baina bukaeran aise irabazi zuten partida Norak eta Maiderrek: 22 eta 18 bukatu zen norgehiagoka. Beraz, Lehen Mailako finalean izango dira Nora Mendizabal eta Maider Mendizabal, eta finalean Urien eta Espinar izango dituzte aurrez aurre.

Gipuzkoako Pilota Federazioak aurten lehen aldiz antolatu Emakumea Pilotari Txapelketa. Federazioak oraindik ez du jakinarazi noiz eta non izango diren txapelketako finalak.