Laxaro Azkune: "Espazio publikoa irabazten ez bagara ari, galtzen ari gara"

Gipuzkoako Hitza 2019ko ots. 1a, 16:03
Laxaro Azkune. (Haizea Egiguren)

Edozeinek ez du izaten gustuko lana egiteko zortea, eta Azkunek gutxienez esan dezake lanean gustuko gaiak jorratzeko aukera izan duela. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean jarraitzen du erretiratuta ere. Gipuzkoako Hitzak egindako elkarrizketa da honakoa.

Euskaltzalea eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsua da Laxaro Azkune (Azpeitia, 1950). Irakasle izateko ikasi zuen arren, kazetaritzan jardun da urte askoan, eta Herri Irratian esatari eta bertso saioetan gai jartzen aritzeak egin dute ezagun. Ia zortzi urte dira erretiroa hartu zuela, baina beti du zerbait esku artean. "Gurasoa umea izateko zain dagoenean bezala" dago orain ere, argitaratzear direlako Nuarbeko sokatira taldearen historiaz idatzi duen liburua.

Sei senidetan bosgarrena, Azpeitiko Oñatz auzoko Oñatz Haundi baserrian jaio zen Azkune, "giro euskaldun-euskaldunean". Eta Oñazko eskolan bertan ibili zen 8 urtera arte; 8 urtetik 10era bitartean, berriz, Azpeitian, Maristetan.

Ondo hartu al zintuzteten kaletarrek?

Kaletarren eta baserritarren artean bazegoen liskar giroa. Kaletarrak espabilatuagoak ziren, eta burla dezente egiten ziguten baserritarroi. Baina, denborarekin, aldatuz joan da hori.

Gazteleraz moldatzen al zinen?

Ez genekien tutik ere. Maistrak esaten zituenak aditzen genituen, zer edo zer ulertzera ailegatuko ginen, baina hitz egitera, ez.

Donostiara joan zinen gero, kolegiora.

Donostiako mojen kolegiora bidali ninduten, gaztelera ikasteagatik eta seminariora joateko handik pasatzea beharrezkoa zelako.

Apaiz izan nahi zenuen ala?

Intentzio horrekin bidali ninduten etxetik. Garai hartan, izan ere, ez zegoen baserrietatik eskolarako beste irtenbiderik. Gogoan daukat 15 bat urte nituenean hemendik Donostiako seminariora nola joaten ginen, hasi Azkoititik eta Zestoara artekoak; bete egiten genuen autobusa.

Gogorra egin zitzaizun etxetik kanpo bizitzea?

10 urterekin etxetik irten nintzenean, Gabonak arte ez nintzen bueltatu. Hiru hilabetean behin etortzen ginen hasieran, eta gerora hasi ginen asteburuero etortzen. Hala ere, ez daukat gaizki pasatu nuen oroitzapenik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.