Realak utzita, Mirandes taldean ariko da aurrerantzean Jon Guridi

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko urt. 31a, 11:10

Realaren harrobian nahiz lehen taldean eman ditu azken urteak Jon Guridi (Azpeitia, 1995) futbolariak. 2018-2019 sasoiaren lehen zatia Reala B taldean egin du, Espainiako Bigarren B Mailan, eta maila bereko Burgosko taldearekin ariko da denboraldia amaitu bitartean. Guridik Uztarria.eus-i azaldu dionez, "oso gustura" batu da talde berrira.

Mirandes taldeak zabaldu duen irudia. (Mirandes)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Realaren harrobian nahiz lehen taldean eman ditu azken urteak Jon Guridik (Azpeitia, 1995). Azken boladan, baina, ez du aukerarik izan lehen taldearekin jokatzeko, eta Reala B taldearekin aritu da joan den urriaz geroztik. Orain, Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) Mirandes taldeak fitxatu du futbolaria. Realak utzita iritsi da azpeitiarra talde horretara, eta denboraldia bukatu bitartean arituko da bertan.

2018-2019 sasoiaren lehen zatia Reala B taldean egin du azpeitiarrak, Espainiako Bigarren B Mailan. Maila berean dago Mirandes, eta gaur bertan hasi da talde horrekin entrenatzen azpeitiarra. Guridik Uztarria.eus-i azaldu dionez, "oso gustura" batu da talde berrira: "Taldekideek oso ondo hartu naute, eta orain arte futbolean aritu naizen taldean egiten genuen jokoa egiten dute Mirandesen ere".

Azpeitiarra "gustura" dago fitxaketarekin. "Denboraldia bukatzeko lauzpabost hilabete falta dira, eta esperientzia polita izan daiteke pertsona eta futbolari bezala". Lesio larri batek berdeguneetatik kanpo utzi zuen 2017an futbolaria, eta Mirandesen egingo duen errekuperazio prozesuko "azken pausoa" dela adierazi du. Gainera, azpeitiarrak gogoratu du Mirandes Espainiako Bigarren Mailara igotzeko aukerekin dagoela.

Guridi erdilaria da, eta Realaren harrobiko taldeetan egin du futbol ibilbidea, Lehen Mailara iritsi arte. 2017ko martxoaren 18an egin zuen lehen taldearekin debuta, Alavesen aurka; 75 minutu jokatu zituen neurketa hartan. Dena den, egun berean, min hartu zuen belaunean, eta geldirik egon behar izan zuen denbora batez. Lehen Mailan, guztira, beste lau partida jokatu ditu azpeitiarrak.

Lesioak tarteko, zazpi hilabete deialdietatik kanpo eman zituen Guridik. Iazko martxotik futbol zelairik zapaldu gabe egon ostean, iazko urrian Reala B taldearekin zelairatu zen berriro, Torrelavegaren aurkako partidan. Ordutik talde horretan aritu da Guridi.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu