'Trans sexualitateak' liburuxkaren inguruko xehetasunak ezagutu dituzte Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2019ko urt. 31a, 10:52

Mireia Delgado ekintzaile feministak Trans sexualitateak izeneko liburuxka aurkeztu zuen atzo, asteazkena, Emakumeen Txokoan. Solasaldira bertaratu ziren lagunek koadernoak eskaintzen dituen baliabideak ezagutzeko aukera izan zuten, baita sortutako galderak egiteko tartea ere. Trans sexualitateak liburuxka Euskal Herriko Bilgune Feministaren eta Emaginen artean ondutako lana da. Sustatzaileen hitzetan "hekuntza-praktika feminista baterako tresnak" eskaintzen ditu koadernoak, eta helduei zuzenduta dago. Hiru atal nagusi ditu. Liburuaren lehenengo atalak, testuinguruan kokatzen du tran sexualitateen gaia, eta horrek Euskal Herriko Bilgune Feministan izan zuen lekuaz hitz egiten du. Bigarren atalak, trans sexualitateen gaineko "galderak, kezkak eta probokazioak" jorratzen ditu. Hirugarren atalak, aldiz, proposamenak eta hausnarketak biltzen ditu. Atal horietako bakoitza sakonagoa aztertu zuen Delgadok atzoko hitzaldian. 

(Argazkia: Azpeitiko Emakumeen Txokoa)